Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ROMERÍA

Trilogia zoragarri baten azken orria

Oroitzapenek sarritan errealitatearen ispilu zatikatu bat baino ez dakarkigute. Bizitzako une batzuk iltzatuta geratzen dira gure baitan, baina tartean gertatutako guztiak lausotu egiten dira. Carla Simonen “Romería” horixe bera da: familiaren oroimen hautsi baten inguruko filma. Familiaren egia berreraikitzeko bidaia xume baina sakona da, non isiltasunek hutsune bat utzi duten, zinemak soilik bete lezakeena.

Marina, 18 urteko neska, Vigora joango da bere aita biologikoaren familia ezagutzera; haurra zela, gurasoak hiesak jota hil ziren. Osaba-izeben kontakizunekin eta amak idatzitako egunkarien bidez, ia ezagutu ez zituen gurasoen oroimena berreraikitzen saiatzen da. Lehengusuarekin sortzen duen harreman bereziak eta zauri familiarrek bultzatzen dute oroitzapen zatikatuak berpiztera.

Aurreko bi filmei egiazkotasun itzela zerien, dokumentaletik gertu. Azken honen oinarria ere hori da, baina ukitu poetikoz eta fantastikoz elikatua dago, baita errealismo magikoaren ildotik eraikitako pasarte luze batez ere. Filmak unibertso oniriko indartsu eta liluragarria eskaintzen badu ere, arrisku narratibo horrek aurreko filmek zuten indar emozionala apur bat lausotzen du.

Lan intimista, poetiko eta aldi berean politikoa da; familiaren oroimenean ardaztutako trilogia ixteko azken pieza, botere emozional eta estetiko handiz itxia. Argi eta kolore desberdinen bidez nostalgikoaren samurtasuna eta mingarriaren iluntasuna kontrajartzen ditu.

Ahazturik geratu den memoria historiko eta familiarra berreskuratzeko eta berreraikitzeko ahalegin gisa, filma omenaldi hunkigarri eta duina bihurtzen da: hiesaren estigmak markatu eta isilarazitako belaunaldi suntsituari eskainitako oroitzapenezko kantua.