Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Orainaldiko oroitzapenak

Oroitzen zara Irailaren 11z? Zuzenean ikusteaz diot», galdetu genion elkarri joan den astean. Nik 5 urte besterik ez nituen. Gogorapena ez dut oso argi, alegia. Haatik, badira irudi batzuk memorian betiko geratuko zaizkidanak. Horietako bat aurpegi bat da. Begi globodun aurpegia, begirada zorrotzekoa. Hezur eta azal, besterik ez. Argazkia haur nigeriar batena zen, 2005 eta 2006 arteko gosetean. Unicefen dohaintza kanpainetako bat. Baina argazkia oso erabilia da XX. mende hasierako gertakizun handiak irudikatzeko ere, iraganeko une historikoen artean, bukatutzat duguna.

Herenegun, “The New York Times” egunkariak -gaur egun AEBko inportanteena eta irakurriena- artikulu mamitsu eta didaktikoa argitaratu zuen, irudi eta grafikoekin. Titulua? “Nola eragiten dion malnutrizioak haurren gorputzari. Zergatik dira Gazako gazteak bereziki ahulak”. Lehen Hezkuntzan anatomia-liburu baten gisan, haur baten gorputz baten marrazkiek kazetariaren esaldiak ilustratzen dituzte: «Janaririk gabe, gorputza bizi-organoak deskonposatzen hasten da, bizirik jarraitzeko azken ahaleginean. Sistema immunologikoa oso ahulduta dago. Infekzio txikiak arriskutsuak dira». Artikuluaren amaieran, haurtxo baten beste argazki bat, begietara begira.