«Ez da egia dirurik ez dagoela; dirua bada, baina handienen sakeletara doa»
LAB sindikatuak bat egin du intersindikalaren greba deialdiarekin, frantziar Estatuaren aurrekontu politika salatzeko. Argitxu Dufau LAB sindikatuko kideak mobilizazio zabala eskatu du Baionan, eta aldaketa sakona galdegin du: «Sistema bera aldatu behar da».

Gaur intersindikalak greba eta mobilizazio egunera deitu du Baionan eta Ipar Euskal Herri osoan. Mobilizazioa 10.30ean abiatuko da Santa Ursula plazatik; helburua frantziar Estatuari aurrekontu bidezkoagoak eskatzea da, justizia soziala eta fiskala ardatz dituzten neurriak galdeginez.
Greba deialdia CFDT, CGT, FO, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek egin dute, eta LABek ere babesa eman dio. Argitxu Dufau LABeko kideak atzoNAIZ Irratian izandako elkarrizketan adierazi zuenez, deialdi hau ez da lelo orokor baten ingurukoa soilik, baizik eta «aldarrikapen konkretuak ditugu: erretiro duina, zerbitzu publiko sendoak eta langileen bizi baldintza duinak».
Dufauren arabera, egungo politika fiskala «ultra aberatsen mesedetan» oinarritzen da. «Azken zazpi urteetan haien aberastasuna biderkatu dute, eta bitartean langileen lansariak ez dira hazten. Ez da egia dirurik ez dagoela. Dirua bada, baina handienen sakeletara doa».
Dufauk azaldu zuenez, dituzten aldarrikapen zehatzen artean lansarien eta pentsioen emendatzea «oso urgentea» da sindikatuentzat. Erretiroari dagokionez, 60 urtera aurreratzera aldarrikatzen dute, baita ikasketetako urteak kontuan hartzea ere.
«Gero eta lan gehiago egin behar dugu astean zehar, eta gure bizitzan ere bai», deitoratu zuen Argitxo Dufauk elkarrizketan. «Horrek kondenatzen gaitu lanean hiltzera edo lanean oso gaizki pasatzera. Gainera, ez doa lansari minimo on batekin duinki bizitzeko», gaineratu zuen LABeko kideak. Funtsean, bere ustez, «erdigunean dagoena kapitala da eta hori da errotik aldatu behar dena gure lehentasunak markatzeko».
Langileen bizi baldintzak nabarmen okertu direla salatu zuen Dufauk: «Gure egoitzetara gero eta langile gehiago etortzen dira laneko osasun arazoekin edo erretiro aurreratua eskatzeko. Lan baldintzak okertzen ari dira, eta horrek prekaritatea handitu du».
Greba deialdiaren testuinguruan, asteotan Baionan izandako mobilizazio eta blokeo ekintzetan Poliziak izandako jarrera salatu du LABek. Dufauk gogor kritikatu du isun gogorrak eta atxiloketak egon direla: «Gure sostengu osoa adierazten diogu isuna jaso duen lagunari. Poliziaren erantzuna neurrigabea izan da, eta kazetari bat ere pusatu zuten mobilizazio egunean».
Bestetik, Euskal Herritik alternatiba propioak eraikitzeko beharra azpimarratu zuen. «Pariseko erabakiek ez dituzte gure errealitateak islatzen. Ipar Euskal Herrian tresna propioak behar ditugu, bertako langileen baldintzak guk erabakitzeko», esan zuen Dufauk.
Horren harira, urriaren 9rako greba eguna deitu dute Ipar Euskal Herritik bertatik, sektore publikoaren eta medikuntza sozialaren egoera salatzeko.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
