GARA
BILBO

Generoen arteko soldata arrakala lau puntu apaldu da EAEn, % 12,81era

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako soldata arrakala kasik lau puntu murriztu da urte bakar batean. %16,47koa zen 2022an, eta %12,81ekoa, berriz, 2023an. Hala jakinarazi zuten Lakuak antolatutako Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko Kongresuan atzo Bilbon. Lanean berdintasuna sustatzen duten politika publikoak aztertu zituzten zenbait herrialdetako hizlariek.

Mikel Torres, Lakuako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua.
Mikel Torres, Lakuako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua. (Endika PORTILLO | FOKU)

Estatistikako Institutu Nazional espainolaren 2025eko datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako soldata arrakala ia lau puntu beheratu da urtebetean. %16,47koa zen 2022an, eta %12,81ekoa, aldiz, 2023an. Zenbaki horiek eman zituzten atzo Bilbon, Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko laugarren Kongresuan.

“Berdin izateko gehitu” lelopean, Lakuak antolatutako biltzarrak 250 pertsona baino gehiago eta zenbait herritako 14 hizlari bildu zituen Euskalduna Jauregian. Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak hasi zuen ekitaldia, eta hitzaldi nagusia Isabel Mellen historialari eta ikertzaileak egin zuen. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Maria Guijarro Estatu espainoleko Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko idazkariak ere parte hartu zuten irekieran, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestarekin batera.

KONPROMISO PARTEKATUA

Lakuaren konpromisoa 2030a baino lehen soldata arrakala txikiena duten Europako eskualdeen artean kokatzea eta soldata arrakala zero izatea da, Torresek adierazi zuenez. «Lan beragatik emakumeek eta gizonek soldata bera jasoko duten Euskadi bat nahi dugu, zaintzak modu justuan banatuko dituena, non emakumeek ez duten aukeratu beharko familiaren eta karrera profesionalaren artean», esan zuen.

Elgarrestak azaldu zuenez, «soldata arrakala arazo konplexua da, egiturazkoa eta dimentsio anitzekoa, eta horri heltzeko erantzun osoa behar da, inplikatutako eragile eta eremu guztietatik etorri behar du». Gogoratu zuen soldata berdintasuna onuragarria dela jendarte osoarentzat. «Emakumeen eskubideetan aurrerapausoa izateaz gain, hazkunde ekonomikoari, produktibitatea handitzeari, laneko gogobetetzeari eta familia, bizitza pertsonala eta lana erantzukidetasunez uztartzeari laguntzen dio».

Lehendakariordeak «konpromiso irmoa» agertu zuen «bizitzako arlo guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko eta enplegu politiketan agenda feminista bultzatzeko».

Ordainsarien gardentasuna eta berdintasun planak lotesleak izatea indartu behar dela defendatu zuen, soldata arrakala zerora hurbiltzeko. Haren arabera, horretarako bidea «erakundeen, enpresen eta gizarte zibilaren arteko aliantzak» dira, eta, batez ere, konpromisoa eta borondate politikoa.

EGITURAZKO ARRAZOIAK

Torresek nabarmendu zuen urte bakar batean arrakala lau puntu apaltzea ez dela kasualitatea, «politika publiko iraunkorren, zorroztasunez diseinatutako estrategien, enpresetako berdintasun planen, soldata ikuskapenen, ordainsarien gardentasunaren eta sindikatuen eta patronalaren konpromisoaren emaitza» baizik.

Hala ere, ohartarazi zuen «oraindik ere bidegabekeria» dela %12,81eko arrakala, eta hori mantentzen duten egiturazko arrazoiak zerrendatu zituen: «Emakumeak lanaldi partzialeko kontratuetan pilatzea, zainketen banaketa desorekatua, baldintza okerragoak dituzten sektoreen feminizazioa eta sabai ikusezinak erantzukizun handieneko postuetan».