Etxebizitzak EAEko biztanleen gastuaren herena hartzen du
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek gehiago gastatu zuten iaz aisialdian (%8,4ko igoera 2023tik), baina diru gehien etxebizitza ordaintzera bideratzen da beti: gastu osoaren %35,8. Eustat estatistika institutuak egindako Familien Gastuari buruzko Inkestaren datuak dira.

Aisialdian, ikuskizunetan eta kulturan egindako gastua handitu den arren (%8,4ko igoera urte batean), etxebizitza da beti herritarren poltsikoetatik diru gehien hartzen duena: gastu osoaren herena baino gehiago (%35,8), 13.008 euro urtean, Eustatek aurkeztutako EAEko Familien Gastuari buruzko Inkestaren arabera.
Inkesta horrek dioenez, gastua berdin mantendu da. Etxe bakoitzean batez beste 36.313 euro gastatu ziren 2024an, aitzineko urtean baino apenas 18 euro gutxiago. Aisialdiaz gain, aseguruen eta finantza zerbitzuen kostua handitu da (%9,6), urtean 1.261 eurora iristeraino.
Aisiari 1.732 euro eman zizkioten herritarrek. Hotel, kafetegi eta jatetxeei, 4.207 euro (%3 gehiago). Arropa eta oinetakoei, 1.438 (%2,5 gehiago). Eta osasunari, 1.284 (%0,7 gehiago).
GASA ETA ELIKADURA, BEHERA
Behera egin zuten norberaren zaintzarako eta babes sozialerako gastuek (-%15), edari alkoholdun, tabako eta narkotikoen gastuek (-%9,6), hezkuntzakoak (-%7,9) eta etxeko hornikuntzarenak (-%7,1).
Nabarmena da gasaren eta beste erregaien gastuaren jaitsiera (-%23,2), baita ur hornidura eta saneamenduarena eta zabor bilketarena ere (-%12). Hori aldatu egingo da lege berriarekin, hondakinen bilketaren benetako kostuari aurre egitera behartuko dituelako herritarrak.
Elikagaien eta alkoholik gabeko edarien gastua ere jaitsi egin zen 2023tik 2024ra (bi hamarren). Gastu osoaren %15,5 hartzen dute, etxe bakoitzeko 5.633 euro.
Gipuzkoako etxeek gastatu zuten gehien, 36.765 euro. Era berean, 2023tik gastua gehien handitu zuen lurraldea izan zen: %1,9. Aisialdia (%27,4), garraioa (%11,2) eta aseguru eta finantza zerbitzuak (%6,9) izan ziren gehien igo zirenak.
Bizkaiko etxeetan 36.730 euro gastatu zituzten batez beste, 2023an baino %0,7 gehiago. Aseguru eta finantza zerbitzuetan (%10,4) eta hotel, kafetegi eta jatetxeetan (%9) handitu zuten gehien gastua.
Arabarrak izan ziren gutxien gastatu zutenak, 34.020 euro urtean, 2023an baino %6,4 gutxiago. Kontsumo talde gehienetan murriztu zuten gastua, baina bereziki beste ondasun eta zerbitzuetan (-%37,3) eta Hezkuntzan (-%17,5).
ETXEAREN TAMAINAREN ARABERA
Pertsona bakarra bizi den etxeetan 23.884 eurokoa izan zen batez besteko kostua. Bi laguneko etxeetan 19.230 euro gastatu zituen bakoitzak. Etxeko biztanleen kopurua handitzen den heinean, pertsonako batez besteko gastua gutxitu egiten da. Hiru kide bizi diren kasuetan 13.573 euroko kostua izan zuen bakoitzak, eta lau kide eta gehiago bizi diren etxeetan, 11.038 eurokoa.
Etxeko diru-sarreren iturriari begiratzen badiogu, norberaren konturako langileak eta jabetzak eta kapitalak emandako errentetatik bizi direnak dira gehien gastatzen dutenak: urtean 41.845 euro. Besteren konturako langileek, aldiz, 37.998 euro gastatu zituzten batez beste. Azkenik, pentsiodunek, dirulaguntzak jasotzen dituztenek eta diru-sarrera finkorik ez dutenek gastatu zuten gutxien: 33.468 euro.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
