ION T. BARRENA
DONOSTIA
Interview
ANE ABALDE AMEZAGA
Kutxa Fundazioko Ekimen zuzendaria

«Gizarteari izaera kritikoa garatzeko erremintak eskaintzen dizkiogu»

Gizarteak «bere sentitzen dituen aretoak» dira Donostiako Kursaaleko Kuboa eta Tabakalerako Artegunea, horien arduradunen esanetan. Urteurren borobilak dituzte biek, eta balorazioa egin eta aurrera begira jartzeko baliatu du hitzordua Kutxa Fundazioak.

(Jon URBE | FOKU)

 

25 urteko bidea egin du Kutxa Fundazioaren Kubo erakusketa aretoak Kursaalean, eta 10ekoa, Arteguneak Tabakaleran. Bisitari kopuru ikusgarria izan dute denbora honetan biek, bi milioitik gora Kuboaren kasuan eta 600.000tik gora Artegunean.

Artea ondasun kolektibo bihurtzeko bitartekoak direla nabarmendu du Kutxa Fundazioak. Ekimen eta Edukien arduraduna da Ane Abalde Amezaga.

 

Datuak ez dira halabeharrez arrakastaren adierazle, baina proiektu baten eragina neurtzeko balio dute. Kuboaren eta Artegunearen kasuan ikusgarriak dira…

Bai. Zifrak irakurtzerakoan beti egin daitezke analisi ezberdinak, baina egia da datuek erakusten dutela publikoak bi eremu hauek bereak bezala ikusten dituela, bere etxea balira bezala, eta askotan etortzen direla erakusketak ikustera.

 

Urteurrenak atzera begira jartzeko garaiak ere izaten dira; bi espazio horietan izan diren artisten zerrenda ikusgarria da…

Bai. Beti esaten dugu bi aretoetan horrelako oreka bat lortzen saiatzen garela. Alde batetik, izen handien artelanak eta prozesuak ikusteko aukera ematen dugu, baina baita hemengoak ikusgai izateko aukera ere; gure espazioak izaten dira esperimentatzeko eremu bat eta beraiek esateko dutena ere bertan erakusteko modu bat.

 

Ez da erraza izango, baina eskatuko nizuke nabarmentzeko urte hauetan izandako erakusketa batzuk…

Oso zaila da, bai; ‘zer maite duzu gehiago ama ala aita?’ esatea bezala. Baina, egia esateko, kuboaren kasuan aurten eduki dugun Maria Paz Jimenezen erakusketa aipatuko nuke. Asko maite dugu, nik uste baitut gure lan lerro ezberdinak jorratzen dituela, gehienbat izan delako emakume bat artearen historiografian ahaztuta egon dena. Bere garaian Parisen galeria zeukan, bertan bere lanak saltzen zituen, baina gaur egun ez da oso ezaguna.

Gure erakusketarekin bere lana plazaratu genuen; ezagutzen zutenek bere lana osotasunean ikusi ahal izan zuten eta ezagutzen ez zutenek pertsona oso interesgarri bat deskubritu ahal izan zuten.

 

Kutxako Kuboa horren ezagunak ez diren artistak ezagutarazteko bidea izan da, baina hor izan dira Oteiza eta Chillida ere, esaterako. Ezagunen kasuan beste begirada bat ematen saiatu zarete?

Bai, eta, adibidez, Jose Antonio Sistiagaren erakusketa egin genuenean ikusi genuen. Oso-oso ezaguna da bere lana, baina guk aurkeztu genuen era eta komisarioak egin zuen irakurketa berriak izan ziren, bere lana nola naturatik oso gertu egon den beti, eta irakurketa edo tesi hau oso berritzailea zen bere obra ikusteko garaian. Beraz, bai, punta-puntakoak aurkezten ditugu, baina beti zerbait gehiago esateko baldin badaukagu.

 

Arteguneak 10 urte egin ditu, argazkia ardatz. Zein izan da bere ekarpena?

Nitxo berri bat ireki dugula uste dut. Pentsatu genuenean Artegunea argazkigintzara eta irudiaren hausnarketara zuzentzea, hainbat arrazoi zeuden ondorio horretara iristeko, baina erabaki nahiko erraza izan zen. Kutxa Fundazioan baditugu bilduma ezberdinak, arte bildumak, baina oso garrantzitsua da guretzat gure fototeka; beraz, bagenuen argazkigintzarekin lotura handia.

Orain hamar urte hori uste genuen eta orain are gehiago, gure gizarteak inguruan dituen argazki horiek guztiak irakurtzeko erremintak eskaini behar genituela. Uste dut hori izan dela gure lan lerro nagusia.

 

Urteurrena ospakizun moduan oroitzen ari zarete. Pentsatzekoa da, hortaz, aurrera begira ere bi eremu horiek erreferentzia garrantzitsuak izaten jarraitzea nahi duzuela…

Bai. Hori espero dugu eta baita ere gu oso flexibleak izatea eta oso adi egotea zeintzuk diren gure gizartea kezkatzen duten gaiak eta hauek gipuzkoarrei ekartzea gure bi erakusketa aretoetan.

 

Kutxa Fundazioaren Artebidea plan estrategikoaren parte dira Kuboa eta Artegunea. Zein da plan honen helburua?

Egin duguna da orain arte genituen programa batzuekin eta berriekin gizarteari erremintak eskaintzea bere izaera kritikoa garatzeko; azken batean, gauza berriak erakutsi, irekita egon eta eztabaida baterako gonbidapena luzatzea gizarteari.