Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Klima aldakorra al da?

Moda-modako gaia da klima aldaketa. Komunikabideetan, jendartean, lanean... txoko askotan entzuten da gai honen inguruko daturen bat, polemikaren bat, baita eztabaidaren bat ere. Ni, hala ere, zientzia aintzat hartuta, galdera bati erantzutera nator: klima aldaketa berezkoa al da, edo gizakiak espresuki eragindakoa?

Lur planeta sortu zenetik eta bere inguruan atmosfera ezarri zenetik klima beti aldatzen joan da. Hozteak (glaziazioak) eta berotzeak (interglaziarrak) izan dira lehenago, harrigarria badirudi ere orain baino tenperatura altuagoekin. Horrek, noski, ez du esan nahi orain dugun berotze hau normala denik, edo kezkatu beharko ez gintuzkeenik.

Hozteak ere izan dira. Famatuena, orain 20.000 urte inguru gertatu zen glaziazioa, orain arteko azkena izan dena, nahiz eta garai glaziar txikiak izan diren; aurreko mendeko 50eko hamarkadan, esaterako.

Gizakiak parte hartu ala ez, klima bai ala bai berotu egingo zen. Hori garbi dago. Gertatu dena da gizakiaren esku hartzeak fenomenoa azkartu duela eta hemendik urte mordo batera gertatzera zihoana orain gertatzen ari dela.

Kaltea egina dago eta ez dirudi honek atzerabueltarik duenik. Geratzen zaiguna da, nola edo hala, okerraldi hau ez areagotzea.