Jon GARMENDIA
Idazlea

Kezko hitzak

Ez dela oraingo moda, beti egon dela kritika merkea, onik ez dakarrena. Hori erran dizut. Zerbait idatzi duzula, ea zer iruditzen zaidan: Luparekin begiratzen du bere txokotik. Eraitsi egiten du, ez du eraikitzen, seinalatu baino ez, mundua txikia da, eta zikintzen du hitzez. Badakiela dio, baina ez du egiten, esaldi errazetan indartzen da, bota eta joan. Eguzki galdetan, erre egiten dela eta euriak pena dakarrela. Inoiz ez dago pozik, marmarra du beti. Mamitzen ez diren kezko hitzekin egurtzen ditu denak.

Eta hor isildu zara, begiratu nauzu, eta tira, abesti bihurtu nahi duzun galdetzekotan egon naiz, baina nire txokora ekarriko dudala baizik ez dizut erran, irakurleak epai dezan, balio duen kritika bakarra hori baita, irakurria edo entzuna izatea. «E, kritikari, beti eserita zauden hori, irakurri eta entzutea ez da nahikoa. Hona etorri, etorri hona. Zure butakan zaude beti, denei buruz hitz egiten, jainkotxo bat zara nolabait, ez duzu iritzirik ematen, zure bedeinkapena banatzen duzu. Eta zure kobazuloan gosariak gaizki egiten badizu, sugeak jaurtitzen dizkiezu guztiei. Zurea da boterea, zurea da paperaren espazioa». Kantu hau euskaratu dizut, ‘‘Críticos’’ izena du eta gaztelaniaz grabatu zuten duela 40 urte baino gehiago. Ez dira kezko hitzak.