GARA

29 urteko ibilbidea egin du 111 Akademiak

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak sortutako 111 Akademia bertan behera utzi dute, «finantzaketa arazo larriak» dituelako.

Miren Amuriza, «Pleibak» (Susa) nobelarengatik, 111 Akademiaren saria jasotzen.
Miren Amuriza, «Pleibak» (Susa) nobelarengatik, 111 Akademiaren saria jasotzen. (Jon URBE | FOKU)

Bukatu da, 111 Akademiak ez du aurrerantzean saririk emango. Atzo ohar bidez agur esan zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren eskutik euskal idazleen uzta urtez urte saritu duen akademiak. Joan den apirilean ohartarazi zuen bizi zuen egoera larriaz. Bere azken ekintza, bi hilabete geroago, Miren Amurizari 2024. urteko 111 Akademiaren Saria ematea izan zen. Arnasa luzeko egitasmoa izan da. Izan ere, 29 urtez lanean jardun du Euskal Literaturazaleen 111 Akademiak. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak sortu zuen 1997. urtean; hasieran, baina, Beterriko Liburua izena eman zion, gehienbat bere jarduna Beterriko eskualdera mugatzen zuelako. 1997ko lehenengo ekintza izan zen aurreko urteko saria erabakitzea. Lehen sari hura, Beterriko Liburua 1996 izenarekin, Joxean Agirrek idatzitako “Elgeta” eleberriak irabazi zuen, Akademiak «urteko libururik gogokoena» izendatu baitzuen. 218 akademiakideen artean hautaturiko lana saritu izan du 111 Akademiak. Webgunearen bidez irakurle eta literaturazale sare zabala osatu dute. Asko da egindakoa. «Beste hainbestekoa da gauzatu ezinik utzi behar izan duena», adierazi dute.