Lorezainek aurreakordio bat lortu dute sei hilabeteko grebaren ondoren
Martxoaren 26an Gasteizko lorezainek greba mugagabe bat abiatu zuten, hitzarmen propio bar aldarrikatuz. Atzo, sei hilabete geroago, aurreakordio batera heldu ziren, Enviserreko ordezkariekin egindako bileran. Gaur langileek berretsi beharko dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitu dituzten batzarretan.

Gasteizko lorezainak aurreakordio batera heldu ziren atzo Enviserreko ordezkariekin, eta duela sei hilabete martxan jarritako greba bukatu liteke, astearte honetan egingo diren batzarretan langileek akordioa berretsiz gero.
ELAk NAIZ irratiari adierazi dionez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek babestu dute aurreakordioa. Baina honen eduki zehatza ez da ezagutaraziko, langileei aurkeztu arte. Joan den ostiralean aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren, soldatari eragiten diotenak.
Rafa Busto batzordeko kidea pozik agertu zen atzo, eta hedabideei esan zien espero duela aurreakordioak langileen baiezkoa jasotzea, asteazkenean sinatu ahal izateko eta lorezainak hurrengo egunean lanera itzultzeko.
SEI HILABETEKO GREBA
Laurogei langileko plantillak grebari ekin zion martxoaren 26an, hitzarmen propioa eskatzeko. Izan ere, Gasteizko lorezainen lan baldintzak Estatu espainoleko hitzarmenak arautzen ditu, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata ia gainditzen ez duten soldatak ezarriz.
Negoziazioak hileko 25 euro gordin gehiago igotzeko eskaintzarekin hasi ziren, eta ordutik enpresak, Gasteizko Udaleko azpikontrata denak, bere eskaintza hobetu du apurka-apurka.
Alde horretatik, greban dauden langileek Udala negoziazioan sartzeko eskatu zuten protestaren hasieratik, baina erakunde horrek beti esan izan du Enviser enpresaren eta haren langileen arteko lan gatazka dela, bere erantzukizunari uko eginez.
Ekain erdialdean, Lakuako Gobernuak ebazpen bat argitaratu zuen grebarako gutxieneko zerbitzuak ezarriz, Enviserrek eta Udalak egindako eskariari erantzunez.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak kontuan hartu zituen Gasteizko Udaleko Trafiko Sailak eta Suhiltzaileek egindako txostenak, zenbait berdeguneren eta zenbait hiribideren egoera «arriskutsua» zela ohartarazten zutenak. Dena den, batzordea osatzen duten hiru sindikatuak kontra agertu ziren, uste baitzuten erakundeek agindutako zerbitzuak ez zirela funtsezkoak.
Grebaren eragina nabaria izan da hirian, hala nola udal igerilekuetako berdeguneetan, auzoetako gune berdeetan eta Olarizuko parkean. Arabako ikastolek bertan egin nahi izan zuten aurtengo Araba Euskaraz, baina, zelaien egoera ikusirik, aldatu egin zuten aukeratutako kokalekua jaia ospatzeko.
Negoziazioak EAEko Lan Harremanen Kontseilura bideratu ziren ekain hasieran. Eta hilabete geroago, enpresak Lakuak egindako eskaintza onartu zuen, baina langileek atzera bota zuten.
Bitartekaritza organoan zortzi bilera egin ondoren, aldeek aurreakordioa lortu zuten atzo, eta langileek berretsi egin beharko dute astearte honetan egingo diren batzarretan. Sindikatuek babesten dute, eta, ezustekorik ezean, Araban deitu den grebarik luzeenetakoa gaur amaituko da.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
