GARA

«Elhuyar zientzia» jarri dute abiaN

Zientziaren eta teknologiaren alorrera bideraturiko euskarazko hedabide digital berria sortu dute. 25.000 edukitik gora bildu ditu.

“Elhuyar Zientzia” hedabidearen aurkezpena, atzo, Usurbilen.
“Elhuyar Zientzia” hedabidearen aurkezpena, atzo, Usurbilen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Zientziaren eta gizartearen arteko elkarrizketak mundua eraldatzeko gaitasuna duela ikusiz eta informazioaren gizartean bizi garela kontuan izanik», “Elhuyar Zientzia” hedabide digitala aurkeztu zuen atzo Elhuyarrek. Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzaileak eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arduradunak Usurbilgo egoitzan aurkeztu zuten hedabidea: zientzia eta teknologiako euskarazko komunikabide digital aniztuna. Etengabe egokitzeko behar horren aurrean zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus webguneak uztartu, eta «gaur-gaurko edukiak eta gizarte kritiko batentzako begiradak» ekarriko ditu hedabide digitalak. Euskaraz sortu dute, «bertako ahotsekin eta begiradekin, gure teknologiarekin eta mundu zabaleko edukiak ekarrita», azaldu zuten agerraldian. “Elhuyar Zientzia” hedabide digitalak zientzia eta teknologiako gaiak eskaintzen ditu, formatu desberdinetan. Guztira, 25.000 edukitik gora: zientziaren arloko albistegiak eta bitxikeriak bideo laburretan; ingurumenari, feminismoari eta zientziari buruzko podcastak; elkarrizketak eta abar.