Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Egia

Haurra nintzela, asteburuetan herrira joaten ginenean bidean bazen deigarria zitzaidan seinale bat. Bidaia horietako batean, jakin-mina behingoz asetzearren, seinaleak zeraman fabrikan zer egiten ote zen galdetu eta aitak, segundo batzuetako isilunearen ondoren, su artifizialak egiten zituztela erantzun zidan.

«Explosivos alaveses», zioen seinaleak. Arraroa iruditu zitzaidan erantzuna. Ezin nuen sinetsi hainbeste su artifizial behar zirela, hain fabrika handia izanik. Urteekin ez dut jakin zergatik esan zidan aitak gezurra. Agian, armak egiten zituzten fabrikak zeudela ezkutatu nahi zuen, munduari neurria hartzeko goizegi zelakoan, edo, akaso, egia esanez gero jarraian botako nizkion beste hamaika galderak ekiditeko egin zuen.

Aski ezaguna da euskal enpresa askok nazioarteko gatazketan eta zibilen kontrako sarraskietan izan duten eta egun duten papera. Nire aitak umemoko bati esan zion gezurra, baina horrek ez ditu onargarriak egiten gure mandatariek gai honi buruz esaten dizkigutenak. Genozidioa gaitzesteaz gain, Israelekin erabat haustea beharrezkoa da, eta dela armagintza, dela metalgintza, zintzoki jokatu behar da dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten enpresei dagokienez, eta horretarako agintariek dute gizarte zibilak ez duen gaitasuna, dela Chivitek, dela Pradalesek.