IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Zuzenean grabatutako disko «elektrikoa» argitaratu du Pettik

Pettik ibilbide luzea du musikan, eta lehen lana argitaratu zuela 25 urte igaro direnean, zuzeneko diskoa eta binilo bikoitza plazaratu ditu “Petti & etxeko uzta, XX ta bortz urte zuzenean” izenburupean. 17 kantak osatzen dute diskoa, eta, denak aurrez argitaratutakoak diren arren, «berritu» egin dituela azaldu zuen aurkezpenean. Lan hau Spotifyn ez jartzea erabaki dute, Palestinarekin elkartasunez.

Pettik bere disko berria Donostiako Elkar dendan aurkeztu zuen atzo.
Pettik bere disko berria Donostiako Elkar dendan aurkeztu zuen atzo. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Rock and rollaren esentzia 90 minututan kontzentratuta duen diskoa da», adierazi zuen Andres Camio “Jitu” Elkar musikako arduradunak “Petti & etxeko uzta, XX ta bortz urte zuzenean” binilo bikoitzaren eta cd-aren aurkezpenean, atzo, Donostian. Berako, Ataungo eta Hondarribiko kontzertuak grabatu zituzten, eta nagusiki Hondarribikoa jaso dute diskoan. Spotifyn diskoa ez jartzea erabaki du musikariak Elkarrekin batera, «Palestinarekin elkartasunez eta Israelgo Gobernuari ematen ari diren laguntzagatik».

Ez zen Berako musikariak 2025erako hasieran zuen plana, estudioko disko berria plazaratzea pentsatuta baitzeukan: «Baina ikusita momentu honetan nola dagoen mundua, jendea, gizartea… ikusten ari garen sarraski guztiak ikusita, iruditzen zitzaidan estudioko disko lasai bat ateratzea baino egokiagoa izanen zela zuzeneko disko bat egitea kantu potenteekin. Zarata pixka bat ateratzea, eta garrasi egitea bizitzen ari garen momentu hauen kontra egiteko. Egokiena kantu elektrikoak aukeratzea izanen zela pentsatu nuen, nire kexa edo burrunba ateratzeko».

Guztira 17 kantu bildu ditu, aurrez argitaratutako abestiak «berrituta» ondu du diskoa. Bere lehenbiziko bi diskoetako kantuak ez ditu sartu, “akustikoak” zirelako eta bilatzen zuen «elektrizitatearekin» ez zutelako guztiz bat egiten. Eta zuzenean grabatzeko motiboetako bat indar hori bera izan zen, «zuzenean kantatzeak indar gehiago hartzen du, momentuan bizitzen duzulako». Hondarribiko kontzertua sartu dute ia osorik, Jituk azaldu zuenez ez zutelako «nahasketa» bat egin nahi, eta Hondarribikoa atera zelako txukunen: «Lehenik aurrenekoa zelako, bigarrena etxean zelako eta urduriago zeudelako, eta hirugarrena, gainera, soinu aldetik hoberen atera zelako».

Elkartu duen bandarekin pozik agertu zen Petti. «Betiko taldea» bildu duela azaldu zuen: Joseba Irazoki, Iñigo eta Igor Telletxea, eta «nobedade bat», Ruben Caballero gitarran. Besteren bat gitarrarekin laguntzeko izanez gero, Petti bera lasaiago ibiltzen dela kantatzeko orduan aitortu zuen; «hitzak oroitzeko orduan eta», bota zuen umorez. “Amets bat” diskoa egin zuen talde berarekin lan hau plazaratzea «amets bat» dela onartu zuen. Esan zuen Estitxu eta Jokin Pinatxo lehengusuak ere lagun izan dituela, eta hauen lana txalotu zuen, haien erregistrotik atera eta koroak egin beharrean ahapaldiak ere kantatu dituztelako: «Eztarriak izorratzen entzungo dituzue, eta ez da ohikoena».

IBILBIDE LUZEA

Lanaren izenburuak dioen bezala, 25 urte dira Pettik bere lehen lana argitaratu zuenetik, nahiz eta lehenago sartu zen musika munduan. Horren inguruan hausnartu zuen: «Hasieran parranda egiteko aitzakia bat zen musika. Gero hasi ginen gauza serioago hartzen, daukan garrantzia ematen. Eta uste dut denborarekin ikasi dugula jada ez dela bakarrik ondo pasatzeko modu bat, baizik eta gauzak azaldu, erran, garrasi egin eta kexatzeko modu bat ere badela».

Bide horretan, rockean ere aldaketak egon direla adierazi zuen, eta garai batean oso entzuna bazen ere, gero eta gutxiago entzuten dela, eta gero eta rockero gutxiago daudela: «Rock and rolla maite dugunok zahartzen ari gara, eta seme-alabek, txakurrak, etxeko eginbeharreko kontuek ez digute denbora gehiegi uzten gero kontzertuetara-eta mugitzeko, lehen bezala». Bestalde, jaialdi handiek ere ez dutela laguntzen aipatu zuen: «Orain dena makrojaialdietara begira dago, eta talde gehienentzat hori ez da batere ona; ahal den moduan jotzeko aukerak bilatu behar dituzu».

Bandako kideen agendak tarteko, aurkezpen kontzertuak abenduan abiatuko dira. Lotuta dituzte bi: abenduaren 10ean Gasteizen eta urtarrilaren 16an Hernanin.