Aritz SANTAMARIA
DONOSTIA
Interview
ANE SANTESTEBAN GONZALEZ
Txirrindulari ohia

«Eibarren bizitakoa izugarria izan zen, betiko oroituko dudan eguna»

Ane Santestebanek adierazi du Eibarko Sari Nagusian azken aldiz dortsala jantzi zuenean bere bizitzako «egunik politenetarikoa» izan zela. Azken 15 urteetan nazioarteko tropelean emaitza bikainak lortu ditu, eta egindako ibilbideari errepasoa egin dio NAIZ irratian. «Oso pozik» doa egindakoarekin.

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aitzindaria eta eredua izan da Ane Santesteban. (Errenteria, 1990), errepidean lortu dituen emaitzengatik eta errepidetik kanpo izan duen jarrerarengatik. Ziurrenik, emakumezkoen tropelak izan duen euskal txirrindularirik onena izan da Santesteban; izan ere, azken 15 urteetan nazioarteko onenekin lehiatu da, eta uzta oparoa eskuratu du: Giroan 10. sailkatu zen, eta Tourrean 8. Joan den igandean azkenekoz Laboral Kutxako elastikoa jantzi zuen, eta tropelak omenaldia egin zion. Amaitu ondoren, taldekideek aurreskua ere eskaini zioten: «Eibarren bizi izandakoa amets bat izan zen, azken lasterketa etxean izatea eta etxeko maillotarekin izugarria izan zen».

15 urte eman dituzu goi mailan. Giroa eta Tourra bezalako lasterketetan lehen hamarren artean sailkatu zara. Marka polita da. Igandean azken lasterketa korritu zenuen. Beraz, lehenik eta behin, zer moduz zaude?

Bizitza berrira ohitu behar dut. Azkenen batean, urte asko dira bizikleta gainean errutina berdina egiten. Goiz esnatu, entrenamenduaren arabera gauza bat edo beste bat gosaldu... Orduan gauzatxo horiek aldatu beharko ditut hurrengo egunetan, baina pixkanaka.

Emozioz beteriko egunak izan dira, ezta?

Bai. Emozio asko izan ditut azken egunetan. Igandeko egun hori nire bizitzako egunik politenetako bat izan zen, sorpresaz betea. Suposatzen nuen egun polita izango zela, baina igande horretan bizitakoa izugarria izan zen.

Eibarren egin zenuen azken lasterketa, etxean, eta taldekideek zein tropelak omenaldia egin zizuten. Eta amaieran Usoa Ostolazak, Idoia Erasok eta Naia Amondarainek aurreskua ere eskaini zizuten. Zer aho zapore utzi dizu azken lasterketa horrek?

Amets bat bete nuen. Txikitatik nire ibilbideari amaiera emateko azken lasterketa etxeko talde batean eta etxeko lasterketa batean korritu nahi nuela argi neukan. Bizitakoa izugarria izan zen. Zerbait espero banuen ere, horrelako omenaldia ez zegoen nire buruan. Oso polita izan zen.

Omenaldi hori gutxi ez eta, tropeletik hamaika keinu ere jaso dituzu. Bi izen aipatu nahi dizkizut: Mavi Garcia eta Urška Žigart. Taldekide, lehiakide eta lagun izan dituzu.

Mavirekin urte asko pasatu ditut tropelean, ordu asko batera entrenatzen. Gela ere partekatu izan dugu. Hortaz, nire laguna dela esan dezaket. Urška Žigartekin hiru urtez egon nintzen, taldekide bat baino gehiago bilakatu zen denbora tarte horretan. Betiko izango dudan laguna da.

Etxetik urrun hainbeste denbora igarota, ezinbestekoak izango dira horrelako harremanak, ezta?

Harreman horiek oso garrantzitsuak dira, noski. Izan ere, denbora asko libre izanda ezinbestekoa da harreman ona izatea.

Bi urte igaro dira etxera itzuli zinenetik edo etxeko taldera bueltatu zinenetik. Hiru urterako kontratua sinatu zenuen; bi urte ondoren, ordea, utzi egin duzu. Ez dira bi urte erraz izan, ezta?

Batez ere lehenengo urtea oso gogorra izan zen. 2023an sekulako urtea egin nuen; Giroan hamargarren bukatu nuen eta Frantziako Tourrean zortzigarren sailkapen orokorrean. Oso urte polita izan zen, eta ondotik etxeko taldera bueltatzea erabaki nuen. Itzultzean gaixotasun bat diagnostikatu zidaten: endometriosia. Hasiera batean min handiz nenbilen, sentsazio oso txarrekin. Diagnosia eduki arte oso gogorra izan zen, mina nondik zetorren ez nekielako. Endometriosia betiko izango dut, baina mina kudeatzen ikasi dut. Esan dezakegu goi mailako kirola ez dela hain osasuntsua, mentalki oso gogorra baita.

Laboral Kutxa taldearekin sinatzean, zer amestu zenuen?

Hastapenetik taldearen ibilbidea gertutik jarraitu izan dut. Sinatzean beste bultzada bat ematea zen helburua, eta hein handi batean bete dugula uste dut. Adibidez, Usoa Ostolazak sekulako maila eman du, eta bide horretan jarraituko du, ziur.

Hainbeste urteren buruan, nolakoa izan da etxeko taldeko maillotarekin berriz ere ibiltzea?

Oso berezia. 11 urte eman ditut etxetik urrun, eta etxera itzultzea oso polita izan da. Euskadiko maillota munduan barrena erakustea sentsazio bikaina da.

Zure ibilbideari so egingo diogu jarraian. Debabarrenan eta Bizkaia Durangon ekin zenion, eta bertan lortu zenuen ibilbide profesionaleko garaipena, 2013ko Espainiako Txapelketa irabaziz. Memoria ariketa egitea proposatuko dizut. Zer oroitzapen dituzu hasierako urte haietatik?

Oroitzapen oso politak. Hasierako urte haietako lagun asko ditut oraindik ere, Leire Olaberria, esaterako. Lehen Giroa edo Flandriako Tourra egin nituen urte horietan; beraz, oso eskertuta nago.

Nazioarteko taldeetan ere ibili izan zara: Italiako Ale Cipollini taldean, Alemaniako WNT taldean eta Australiako Jayco taldean, besteak beste. 2024an itzuli zinen Laboral Kutxara taldeari emaitzak eta esperientziak eskaintzeko helburuz. Erreferentzia izan zara neska gazte askorentzat. Hori da agian garaipen handiena?

Bai, noski. Aurreko astean agur gutuna idazten ari nintzela, garaipen handirik ez dudala konturatu nintzen. Baina, hori baino askoz garrantzitsuagoa da irabazi izan dudan errespetua eta neska gazteentzat erreferentzia izatea. Oso maitatua sentitu naiz, eta hori da garaipen politena.

Ametsen bat utzi duzu bete gabe?

2024ko Olinpiar Jokoetan egon ez izanak pena ematen dit, hori baita kirolari guztion ametsa. Dena den, Rioko Olinpiar Jokoetan bizitakoa betiko gordeko dut eta, gainera, niretzat Tokioko Joko Olinpikoak dira nire ibilbidearen unerik goxoena.

Zer egingo duzu etorkizun hurbilean?

Txirrindularitzaren munduan jarraitzeko asmoa dudan arren, oraindik ez dut hausnarketa hori egiteko denborarik izan. Izan ere, txikia nintzenetik bizikleta bat izan dut alboan, eta horrela segitzeko asmoa dut.