Andoni ARABAOLAZA
MENDI LASTERKETAK

Sara Alonso, bigarren Golden Trail Series zirkuitu entzutetsuan

Donostiarraren zilarrari Malen Osaren laugarren postua gehitu behar zaio. Skyrunner World Series-eko Mourne Skyline lasterketan Naiara Irigoyenek irabazi zuen nagusien mailan, eta Ibai Larreak, 23 urtez azpikoenean.

Sara Alonso, Golden Trail Series-eko proba batean.
Sara Alonso, Golden Trail Series-eko proba batean. (GTS)

Joan den asteburuko nazioarteko hitzordu ezberdinetan maila ederra ematen ikusi ditugu euskal lasterkariak. Batez ere, bi zirkuitutan: Golden Trail Series-en eta Skyrunner World Series-en. Lehenbizikoan, adibidez, bi emaitza azpimarragarri izan dira. Behin betiko sailkapenari begiratzen badiogu, Sara Alonsok zilarra erdietsi du, eta Malen Osak laugarren postua.

Golden Trail Series-ak eliteko korrikalari asko jasotzen ditu, besteak beste, proba erakargarriak antolatzeaz gain, sari oso garrantzitsuak banatzen dituelako. Egutegiko lasterketa guztiak jokatu eta gero, zirkuitu pribatu horrek lehen postuen bila ari zirenentzat hitzordu garrantzitsu bat zuen: Final Handia.

Antolatzaileek Garda Trentinon kokatu zuten behin betiko hitzordua. Bitan banatu zuten. Lehenbiziko deialdiak ibilbide laburra izan zuen: 6,9 kilometro eta 500 metroko goranzko desnibela. Madalina Floreak erritmo oso altua markatu zuen, eta lehena izan zen helmugan. Sara Alonso oso ondo aritu zen, baina laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen; irabazlearengandik minutu bat eta 24 segundora heldu zen. Malen Osa seigarrena izan zen.

Festa horretako lasterketa nagusia jokatu zen biharamunean. Ledro Sky Trentino: 21 kilometro eta 1.600 metro positibo. Proba horrek puntu gehien pilatu zituen. Bezperako lasterketa laburrean bezala, Floreak erritmo oso altua markatu zuen. Amaierako sekzioan, berriz, Lauren Gregoryk erasora jo zuen. Errumaniarra harrapatu eta jaitsiera tekniko batean alde ederra atera zion (2:22:51). Bigarren postuan Florea helmugaratu zen ia hiru minutura. Alonsok errumaniarra hurbil izan zuen, baina hirugarrena izan zen (2:25:54). Osak bosgarren postua egin zuen 2:27:45 denborarekin.

Puntu guztiak batu eta gero, Floreak irabazi du Golden Trail Series zirkuitua. Bigarren postua oso erregularra izan den Alonsok eskuratu du: «Pozik nago egin dudan denboraldiarekin. Lasterketa ezberdinetan asko ikasi eta gozatu dut. Munduko onenen artean neure burua kokatzea handia da; oso harro nago». Malen Osa 29 puntura geratu da hirugarren postutik.

GARAIPENA

Skyrunner World Series izan da asteburuko nazioarteko bigarren hitzordu handia. Mourne Skyline lasterketan (Ipar Irlanda) Naiara Irigoyenek garaipena erdietsi zuen seniorren kategorian.

Hogeigarren etapa zuen zirkuitu horrek, eta lasterkariak 35 kilometro eta 2.700 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidean lehiatu ziren. Ipar Irlandak mendi garaiak ez dituztenez, mendixka batzuetan gora eta behera ibili ziren. Hain zuzen ere, Mourneko Murrua deitzen duten ingurumarian. Udazkeneko giroak lagunduta, Irigoyenek lasterketa biribila egin eta egundoko nagusitasuna erakutsi zuen, eta helmuga puntuan lehena izan zen 4:13:15 denborarekin. Irabazteaz gain, Irigoyenek lasterketaren errekor berria ezarri zuen. Bigarren sailkatuari, Natalie Beadleri, sei minutuko aldea atera zion. Ainhoa Garikanok seigarren postuan amaitu zuen.

Lasterketaren amaieran nafarrak adierazi zuen markatutako ibilbidean gustura jardun zuela: «Nahiz eta irabazi dudan, ez da garaipen samurra izan, eta sufritu dut. Asko gustatu zait Ipar Irlandako lasterketa. Makina bat igoera eta jaitsiera ditu, eta onartu behar dut ezaugarri horiekin ez nagoela ohituta. Eskuarki, lasterketa gehienek igoera gogor eta luze bat izaten dute, eta ezaugarri bereko jaitsiera bat. Baina ondo egokitu naiz, eta pozarren nago zirkuitu horretan lortutako hirugarren garaipenarekin. Heldu den hilabetean izango den SkyMasters finalarekin oso gogotsu nago. Ea neure burua lehen postu horietan kokatzeko aukera dudan».