Lanuzteak, grebak, manifestazioak eta lapikokadak Palestinaren alde

Gazako genozidioa salatzeko Euskal Herrian lehen mobilizazio handiak 2023ko urrian egin ziren. Bi urte igaro ondoren, protesta eta elkartasun egun indartsu batekin nabarmendu da, urriaren 15ean. Gaur egungo deseskalatzearen aurretik deitu zen, baina bere horretan mantendu da gero, egoeraren larritasuna eta gazatarrek sarraski horren ondorioak oraindik ere luzaroan jasaten jarraituko dutela ikusita.
Jardunaldi honen ekimena irailaren 26an abiatu zuten LAB, CCOO, Steilas, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek -gero UGT, ESK eta CGTk bat egin zuten-, eta lanuztea zen. Helburua, «langile klase osoak herri palestinarrarekiko duen elkartasuna adieraztea» eta «AEBko Gobernuaren laguntzarekin Israel herri palestinarraren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea».
Zortzi orduko txandetan lan egiten dutenentzat proposatu dute gaueko txandan 3.00etatik 6.00etara, goizeko txandan 11.00etatik 14.00etara eta gaueko txandan 19.00etatik 22.00etara gelditzea. Goizez bakarrik lan egiten bada, lau ordu geldituko da, 11.00etatik 15.00etara. Eta ordutegia zatitua denean, 11.00etatik 14.00etara arteko tartea ezarri da, eta lanaldia 15.00ak baino lehen amaitzen bada, ez da lanera itzuliko.
Goizeko lanuzte orduak 12.30ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan jendetsuak izango diren manifestazioak burutzeko baliatuko dira: Jesusen Bihotzetik abiatuko dira Bilbon, Boulevardetik Donostian, Andre Maria Zuriaren plazatik Gasteizen eta Golem zinemetatik Iruñean. ELAk ere gaur gelditzea proposatu du, CIG galiziarrarekin eta Kataluniako Intersindikalarekin elkarlanean.
Eskema hori izanik, hezkuntzan sindikatu guztiek proposatu dute lanaldi osoa gelditzea, eta dei hori irakasleei, atezainei, jantokiei, garbiketari eta garraioari egin zaie.
Lanuzte hau greba orokor baten hastapena izan liteke, Palestinako egoeran funtsezko aldaketarik ez badago. Halaxe proposatu du, esate baterako, Palestinarekin Elkartasunak, joan den astean «urriaren 15eko lanuztea greba orokorrera igotzeko edo beste egun baterako deitzeko» deia egin baitzuen, «Israel bakarturik» uzten laguntzeko asmoz.
Lanaldiak jarraipen zabala izango duela aurreikusita, Lakuako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu sektoreentzat. Adibidez, garraio publikoetan %30 finkatu da, eta ospitaleetan jaiegun bateko ohiko langileak mantenduko dituzte. Sindikatuek hauen aurka jo dute.
Lanuztearekin bat egiteko burrunbak, udaletxeen aurrean
Palestinako su etenaren ondoren «genozidioaren dimentsioak bere horretan jarraitzen duelako» eta lanuztearekin bat egiteko, burrunbak egitera deitu du Gernika-Palestina herri ekimenak ehun herri baino gehiagotan. Nafarroan sindikatuek Iruñean, Lizarraldean eta Tuteran deitutako mobilizazioekin bat egingo dute. Burrunbak udaletxeen atarietan egingo dituzte 19.30ean. Zenbait eragile politiko, sindikal eta sozialek bat egin dute. Besteak beste, LAB, CCOO, Etxalde, Hiru, UGT, EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza, Geroa Bai, Yala Nafarroa con Palestina, Gaz Sumud Flotilla EH, Ikama, Unadikum, Gerrarik Ez!, Gernika Memoriaren Lekuko eta Bilgune Feminista.
Mobilizazioen berri emanez, atzo Gernika-Palestinako eta bat egin duten eragileetako ordezkariek agerraldia egin zuten Gasteizen. Lekualdatutako pertsonak oraindik ere gosez hiltzeko arriskuan daudela gogorarazi zuten, eta Gazako eraikinen %80 eraitsita dagoela. «Zuhurtziaz esaten dugu, baina su etena pozgarria da, orain umeek hiltzeko arrisku gutxiago dutelako, edo senide bat hiltzen ikusteko», adierazi zuten.
Palestinarekin Elkartasunak ere mobilizazioak egingo ditu. Gasteizko Katedral Berrian, 17.30ean; Iruñeko PSNren egoitzaren aurrean eta Donostiako Pio XII.aren aurrean, 18.00etan; eta Bilbon, 18.30ean, Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean. Alaia SIERRA

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
