Lanuztearen ondoren, zer?
Asteazkenean Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazio jendetsuak izan genituen. Tokian-tokian, lanuzte, greba eta mobilizazio arrakastatsuak izan ziren genozidio israeldarraren aurka. Ehunka mila langilek ahotsa altxatu genuen, gutako asko sindikatuen arteko giroak haserretu bagaitu ere.
Hamaika emozio ezberdin izan genituen egun horretan: lasaitu egin gintuen gure inguruko batzuen jarrerak; beste hainbatekin agian haserretu egingo ginen. Poztu egin gintuen mobilizazio mailak, nahiz askok greba giroa faltan sumatu. Oraindik garaiz gaude, Flotillak edo Palestinarekin Elkartasunak esan bezala, greba orokorrera salto egiteko.
Asteazkena atzean geratzen ari da, ordea, eta «normaltasuna» dator. Normaltasuna ei dator 78 urteotan palestinar herriak pairatu duen genozidioan, eta ez da lehen «normaltasun» aroa ezinbestean sinaturiko akordio honek dakarrena. Gordintasuna eta krudelkeria arinduko zaizkie Gazako herritarrei, eta nola ez gara ba poztuko.
Baina Gazan partida amaitu ez den bezala, Zisjordanian, legez edota legez kanpo okupatutako lurraldeetan, goi mailako egituretan, sionismoaren krudelkeria da nagusi. Eta, bistan denez, haren inpunitatea ere bai.
Nola ez, beraz, errudunak seinalatzen jarraitu behar dugu: zigorgabetasun horren bila abiatuta, Trump seinala dezakegu. Munduaren sasijabearen jarrera ezagutzen dugu. Are, seinala ditzakegu Europar Batasuna edota gobernuak ere, seinala dezakegu arma industria, eta seinala dezakegu (guri dagokigu, nori bestela) CAF enpresak egiten duen garbiketa etnikorako trena (NBEk berak hala dela ebatzi duena). Seinalamendu horiek egiten, eta palestinar herriaren erresistentzia-bide guztien defentsan, kalean jarraitu behar dugu. Eztabaidan eta kalean jarraitu behar dugu, palestinarren hitzak gurera ekarriz: Erresistentziaz, deskolonizazioaz, Ekialde Hurbilaz, inperialismoaz zein giza eskubideez hitz egin beharko dugu.
Palestinaz hitz egiten jarraitu behar dugu. Horrez gain, ordea, boikotaz hitz egin behar dugu. Hitzetik haratago, boikota egin behar dugu. Horretarako, sionismoak gure bizitzan duen arrastoari jarraitu behar diogu. Langileok geure buruari, gure kideei, gure delegatuei eta gure arduradunei galdetu behar diegu: non dago Israel gure lantokian?
CAFeko eta arma enpresetako langileen kasua bistakoa da, bai. Baina, horrez gain, azter ditzagun gure lantokien esportazio eta inportazioak, nor aterpetzen duen turismo industriak, ea gure bulegoetan HP ordenagailurik edo AXA asegururik dagoen, Carrefourren kontsumitzen ote den, israeldar enpresekin aliantzarik dagoen... eta borroka dezagun horiek eteteko.
Hori delako gure ekarpen onena: Vueltan eta Maccabiren aurka egiten duguna, baina baita AMCk edo Sidenorrek gerra genozidaren merkataritza eten izana. Mundu mailako BDS mugimenduaren web orrian irakur dezakegu boikotak eragiten duen kalteaz, eta Euskal Herriko BDZ mugimenduak bere web orrialdean badu hainbat informazio. Haren sare sozialetan ere kontakta ditzakegu, Euskal Herri osoa «apartheid eta genozidiorik gabeko gune» bilakatzeko.
Azken bi urteotan, argi eta garbi geratu da palestinarren kausa gizateriaren kausa dela, munduko herri askeen eta jende langilearena.
Bat egin dezagun bada, gizaki, herri eta langile bezala, nork bere lekutik, genozidak isolatzeko.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
