Ibai AZPARREN
PAZ DE ZIGANDAK ANTOLATUTAKO NAFARROA OINEZ

Auzolana ikur, milaka lagun batu ditu Nafarroa Oinezek

Paz de Ziganda ikastolak hirugarrenez heldu zion Nafarroa Oinez antolatzeko erronkari. «Buruz, bihotzez, oinez!» izan da aurtengo leloa, eta ikastolen izaerarekin horren lotuta dagoen auzolanari eman zioten balioa festa kolektibo eta jendetsuan. Egun paregabe baten ostean, San Fermin eta Erentzun ikastolei pasatu zieten lekukoa.

Paz de Ziganda ikastolan bertan egin zuten ekitaldi ofiziala.
Paz de Ziganda ikastolan bertan egin zuten ekitaldi ofiziala. (Iñigo URIZ | FOKU)

Goizeko zeru aldakorrarekin eta badaezpada jakak gerrian lotuta, Atarrabiak Nafarroa Oinezen 44. edizioari harrera egin zion atzo, euskararen festa kolektibo handi bihurtuta. Ikastola nafarren jaia jaio zenetik, hirugarrenez antolatu du Paz de Zigandak, urte askotan zehar eta auzolana bultzatuz jaialdiaren antolakuntzan aritu direnen sentipenei erreferentzia egin eta euskaraz gorputz osoarekin bizitzera animatzen duen leloarekin: “Buruz, bihotzez, oinez!”.

Izan ere, inolako oztoporik gabeko ibilbidea zuten atzoko antolatuta, denontzat irisgarria. Guztira, 2.800 metro luze zituen, hiru gunetan banatuta; “Buruz”, “Bihotzez” eta “Oinez” guneak, nola ez. Lehen aldiz, gainera, ibilbide ez-zirkularra prestatu zuten, eta ez dirudi gaizki atera zenik. «Horrela, ez gara galtzen», laburbildu zuen txantxetan guraso batek.

Hamaiketan ikastola inguruan zegoen jendetzak harritu zituen antolatzaileak; inbutua sortu zen jendeari ongietorria ematen zion karpan. Ibilbide barruan, aurpegi deseraiki bat irudikatzen zuen logoaren pegatina bularrean zutela, bertaratutakoek dena prest zuten aldarrikapen egun politari hasiera emateko.

Horietako asko bizikletaz etortzera animatu ziren, ikastolak martxan jarri zuen “Bizi oinez Bizin” kanpainak lagunduta. 500 bizikleta zenbatu zituzten antolatzaileek. Hala ere, herrira hurbiltzen ziren billabesen Atarrabiako lineak ere indartu egin zituzten, sarbidea errazteko eta ahal zen neurrian ibilgailu partikularrak saihesteko helburuarekin.

Laster bultzatu zituen goseak jateko bila, akaso karpetatik ateratzen zen txistorra eta talo usainagatik, edo bertako ilaran zain zegoen Mikelek eman zuen argudio ukaezinagatik: «Nor ez da gose goizeko hamaiketan?».

Tonbola ere gainezka zegoen. Sari potoloak, hala nola futbol taldeen kamisetak eta bizikletak, «ia agortu» ziren lehenengo orduetan, baina beste batzuk geratzen ziren arratsaldean; «jatetxe edota hoteletarako txartelak, adibidez», azaldu zuen buru-belarri lanean zebilen boluntario batek.

EUSKARA ETA BAKEA

Ordu bat lehenago, txalapartaren eta adarraren antzinako soinuak eman zion hasiera ekitaldi ofizialari. Bertan, Euskal Herriko txoko ugaritatik hurbildu zirenen txaloak jaso zituzten dantzariek.

Ondoren, ikastolako fatxadan bihotz handia ipini zuten, Anne Etchegoyenek “Bake mina” interpretatzen zuen bitartean, aurtengo leloarekin eta egun osoan zehar zabaldu zen bake mezuarekin lotu zuten abestia.

Horren harira, Maider Nuin Paz de Ziganda Ikastolako lehendakariak ongietorria eman zien bai indarkeriaren amaierari eta «mundu gizatiarrago eta solidarioago bat eraikitzeko» beharrari, bai euskararen «normalizazioan» oraindik egiteko dagoen lan handiari.

Nuinek gogora ekarri zuen, era berean, Paz de Zigandako komunitateak «konpromisoa eta auzolana izan dituela ardatz» atzoko egunera iristeko azken hilabeteetan. Izan ere, 700 boluntariok baino gehiagok parte hartu zuten jaialdian; beraz, aurtengo edizioan, pertsona zehatz bat omendu beharrean, auzolanari eman zioten balioa.

Ekitaldi instituzionalean, Ana Ollo presidenteordea, Mikel Irujo kontseilaria, Atarrabia, Uharte eta Iruñeko alkateak, eta UPN, PSN, EH Bildu eta Geroa Baiko kargudun publikoak izan ziren. Amaiur Guindeo zinegotzia Burlatako alkatearen izenean joan zen, eta gizarte zibileko ordezkariak ere izan ziren bertan; besteak beste, erakundeotakoak: NUP, Eusko Ikaskuntzako, Behatokia, Kontseilua, ELA, LAB eta UGT sindikatuak eta, IKA, AEK, Errigora eta Bertsozaleen Elkartea.

Mikrofonoen aurrean, Ollok euskarak Nafarroan pairatzen dituen «trabak» onartu zituen, baita zonifikazioa «anakronikotzat» jo ere. Bestalde, Osasunako jokalari ohi eta ikastolen Federazioko presidente Oier Sanjurjok «futbola eta ikastolak Nafarroa josteko hariak» direla esan zuen eta euskaldunen hizkuntza babesteko deia egin zuen.

Ekitaldia amaitu ondoren, lekukoa hurrengo Nafarroa Oinez antolatuko duten zentroei eman zieten: Erentzun (Viana) eta San Fermin (Zizur Txikia) ikastolek batera antolatuko dute datorren urtean.

Jaia, ordea, agintariena baino gehiago, oinezkoen ospakizuna da. Beraz, diskurtsoen ondoren, jendea adin guztientzako jarduera ugariez gozatzen hasi zen festa giroan; Korrontzi, Motxila 21, Trikidantz, Gozategi, Xaibor, Nafarroa 1512 eta Sorotan Bele taldeen zuzeneko musikaz, gastronomiaz eta “Erronka” eta halako kirol probez.

Bien bitartean, “Goazen” telesaileko protagonistek euren abestiekin animatu zituzten haur eta gaztetxoak, eta Nafarroa Oinezeko azoka txiki batean zeuden Euskal Herriko hainbat txokotako artisauen lanek, aldiz, helduak.

Arratsaldea euri tanta gutxirekin heldu zen, 700 pertsona herri bazkarian ziren bitartean. Horrek, ordea, ez zien eragotzi bertaratutako askori taldean dantzatzea oroimen kolektiboko kantuak, eguna ez bustitzea erabaki zuen zeru goibelaren azpian.

Atzoko azken balorazioan, antolatzaileak pozik agertu ziren jardunaldiaren bilakaera eta emaitzarekin, ezarritako helburuak lortzeaz gain, «elkarlanaren isla zintzoa» izan baitzen atzoko Nafarroa Oinez.