Inspira Bizitzak, ia 2.000 neraberi geroa erabakitzen laguntzeko tresna
Kutxa Fundazioak bultzaturiko Inspira Bizitzak topaketa izan zen atzo Donostiako Kursaal jauregian. Nerabeen etorkizun profesionala erabakitzen laguntzeko tresna da egitasmo hori. Horretarako, gazteak egungo profesionalekin harremanetan jartzen dituzte. 2011n abiatu zen ekimena eta atzoko saioan ia 2.00 ikaslek parte hartu zuten.

Inspira Bizitzak topaketaren beste edizio bat egin zuen atzo Kutxa Fundazioak Donostiako Kursaal jauregian. Gipuzkoako prestakuntza orientaziorako topaketa nagusia da, eta DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi-mailako ikasleak hainbat arlotako profesionalekin elkartzen ditu, horien etorkizun akademiko eta profesionalari buruz hausnartzen eta erabakitzen laguntzeko.
2011n Kutxa Fundazioak Inspira Bizitzak proiektua abiatu zuenetik, gutxi gorabehera 7.500 ikaslek eta 740 profesionalek parte hartu dute. Aurten, lehen aldiz, ekitaldia Kursaalean izan da, eta bertan 1.800 ikasle inguru bildu dira 80 profesional baino gehiagorekin.
Atzoko jardunaldian esparru askotako profesionalek hamar hitzaldi labur eman zituzten. Ondoren, Kubo Handian, nerabeen zalantzak argitzen saiatu ziren, «hurbiltasun giro parte-hartzailean».
Horrela, Inspira Bizitzak ekimenean, besteak beste, EHUko Ingeniaritza Eskolako irakasleen, Zinema Eskolako arduradunen, EHUko Kimika Fakultateko irakasleen, kooperatibetan aritzen diren langileen eta Mondragon Unibertsitateko adimen artifizialeko adituen bizipenen berri jaso zuten ikasleek.
«MUNDU ALDAKORREAN»
«Mundu aldakor honetan, hezkuntza-ibilbidea erabakitzea erronka handia da gazteentzat. Inspira Bizitzak, hain zuzen ere, behar horri erantzuteko sortu zen, entzute aktiborako, trukerako eta laguntzarako gune bat sortuz. Ikasleek zuzenean galde diezaiekete bide profesionala eta akademikoa jada egina dutenei, haien esperientziak, zailtasunak eta ikaskuntzak ezagutzeko», azaldu zuen Kutxa Fundazioak.
«Inspira Bizitzak programarekin gazteei beren etorkizunari buruzko erabakiak hartzen lagunduko dieten erreferente hurbil eta errealak eskaini nahi dizkiegu. Uste dugu dagoeneko bide hori egin duten profesionalei entzutea funtsezkoa izan daitekeela bidaia honetan inspiratu eta laguntzeko», eman zuen aditzera Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak.
Inspira Bizitzak proiektua Kutxa Fundazioaren Inspira Bidaiak programaren barruan garatzen da; horrek nerabezaro eta gaztaroa gizabanako bakoitzaren etorkizun pertsonalerako bidaia gisa ikusten ditu. Programaren helburua Gipuzkoako gazteei beren grinak eta talentuak ezagutzen eta bideratzen laguntzea da, trantsizio ekosozialean eta gizarte bidezkoago eta jasangarriago baten eraikuntzan inplikatzea sustatuz.
EKIMEN ETA JARDUERAK
Horretarako, Inspira Bidaiak ekimenak eta jarduerak -gogoeta, hitzaldiak, mentorizazio-saioak, bisitak, ikastaroak eta sariak- eskaintzen ditu, sortzetiko gaitasunak identifikatu eta horiek proiektu esanguratsuetara bideratzea errazten dutenak, kontuan hartuta berehalakotasunaren kulturaren, erreferente-gabeziaren edo arrakala sozioekonomiko, teknologiko eta generokoen berezko zailtasunak.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
