GARA
GASTEIZ

Lottu izango da aurrerantzean EAEko aldiriko trenaren marka berria

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Renferen aldiriko tren zerbitzuaren marka berria Lottu izango da aurrerantzean. Lakuako Mugikortasun Sailak egin duen inkestan izen hori gailendu da, botoen %55ekin.

Lottu, Besaide edo Lurbil; izen horietako bat hautatu behar zuten herritarrek Lakuako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak abian jarri zuen inkestan. Lehena gailendu da, botoen %55 eskuratuta. Lurbilek %30eko babesa jaso du, eta Besaidek, berriz, %14koa.

Galdeketa hau urriaren 6tik 19ra burutu egin da.

Lakuako Gobernuak urtarrilaren 1ean eskuratu zuen aldiriko tren zerbitzuen transferentzia. Renfek ematen du zerbitzua; lau linea, hiru Bizkaian eta bat Gipuzkoan, eta Arabako Lautadako zerbitzu berria.

«Gero eta zerbitzu hurbilagoa» eskaintzeko helburuarekin, «hobekuntzak inplementatzeko eta herritarrentzat baliagarriak izan daitezkeen zerbitzu berriak sortzeko», «etapa berri bat» abiatu du.