GARA
BILBO

Gazteentzako alokairu publikoa eskatu du Bilboko EH Bilduk

Bilboko EH Bilduk hainbat neurri aurkeztu ditu urriko udalbatzan, hiriburuan dagoen etxebizitza «arazo larriari» aurre egiteko. Garazi Pereak eta Angelica Orozcok atzo azaldu zutenez, lehendabiziko proposamenak gazteek etxebizitza batean sartzeko aukera izatea eta, gainera, beren auzoan egin ahal izatea planteatzen du. Horretarako, alokairuko etxebizitza publikoen zati bat auzoko gazteei bideratzeko eskatu dio Udal Gobernuari.

Pereak oroitu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, emantzipatu nahi duten 25 eta 29 urte bitarteko lagunen %81,5ek pausoa eman nahiko luketela baina ez dutela horretarako baliabide nahikorik. Horrekin batera, emantzipatzeko batez besteko adina 29,8 urtetan dagoela nabarmendu zuen, Europako batez bestekoa baino hiru urte eta erdi geroago.

DISKRIMINAZIORIK EZ

«Emantzipazioa bermatzeko neurriak hartu behar ditugu. Aldi berean, gazteek beren hirian eta inguruan segitzea bultzatu behar dugu, zure auzoan zure bizi proiektua garatzea, luxua izan beharrean inguruaren bizigarri baita. Bizirik dagoen auzoak komunitatea zaintzen du eta belaunaldien arteko harremanak indartzen ditu», adierazi zuen. Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean sustraitze programak abiatu dituztela esan zuen eta ekimen hori Bilboko barruti guztietara zabaltzea planteatu zuen.

Bigarren proposamena, Orozcok esplikatu zuenez, etxebizitza batean sartzean pertsona migranteek jasaten dituzten diskriminazio egoerak ekiditeko da. 2021ean antzeko ekimen bat aurkeztu zuten, baina ez zen aurrera atera.