GARA
GASTEIZ

Urduñako espetxe frankistaren beste lau biktima identifikatu dituzte

Desobiraketa lanen argazkia.
Desobiraketa lanen argazkia. (IREKIA)

Gogora Institutuak genetikoki identifikatu ditu Urduñako presondegi frankistako lau biktimen gorpuzkiak, herriko hilerritik berreskuratuak: Faustino Aguado Serrano, Tomellosokoa (Ciudad Real); Manuel Guillen Exposito, Badajoz hirikoa; Miguel Fuertes Molina, Mirandillakoa; eta Antonio Monge Crucera, Medellingoa (azken bi hauek ere Badajozeko probintziakoak).

Lakuako Gobernuak Ohar batean azaldu zuenez, datozen asteetan Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, Alberto Alonso Gogorako zuzendaria eta teknikari bat joango dira bertara, identifikatuen familiekin bildu, gorpuzkiak eman eta ehorzketetan laguntzera.

Azken hilabeteetako identifikazioei esker, harremanak estutu dira beste erkidego batzuetako erakundeekin, bai eta elkarteekin eta familiekin ere. Hori da Monge familiaren kasua. Gogorarekin harremanetan jarri zen udan, laginak emateko eta identifikazio prozesuari ekiteko, analisi genetikoa eginez. Laginak, DNA Bankuan gordeta dauden hezur hondakinekin erkaturik, identifikatu ahal izan dituzte.

Antonio Mongeren gorpuzkiak 2014an berreskuratu ziren, eta, identifikatu ezin izan zirenez, Urduñako kolunbarioan lurperatuak izan ziren 2022an, eta han atseden hartu zuten identifikatuak izan diren arte.

Senideak aurkitzeko, biktimak nondik eraman zituzten aztertzen duten erakundeen, ikerketa taldeen eta elkarteen laguntza du Gogorak. Preso horiek hil zirenetik igarotako denborak zaildu egiten ditu senideak aurkitzea eta identifikazio genetikoa. Izan ere, hezur hondarretatik atera daitekeen DNAren kalitateak eta DNA erauzten zaion senidearen ahaidetasun mailak erabakitzen dute azkenean identifikazio genetikoa lortzea.

Joseba Egiguren ikerlariak egindako lanari esker, Gogora Institutuak 225 hildakoren zerrenda bat du, 1937 eta 1941 artean Urduñako espetxean hil ziren pertsonen izen-abizenak eta jatorriak dituena.

Berreskuratutako gorpuzkiak genetikoki identifikatze aldera, pertsona horien ondorengoak aurkitzea eta haien DNA lagina lortzea da helburua, hezur hondarretatik ateratakoekin erkatzeko.