Marta PIKAZA GARAIGORTA
Laudio Ikastolako zerbitzuetako langilea
KOLABORAZIOA

Zelan jaten dute gure haurrek?

Azken urteotan eskola jangelak hizpide dira tarteka, menuen kalitatea hobetzearren administrazio zein ikastetxeek hartu beharreko neurriak direla eta. Ez da nire asmoa adostasuna lortu duen eta beharrezkoa den diskurtso hori zalantzan jartzea, gauza handia baita jatekoaz arduratzea eta balizko irtenbidea denon onurarako izatea. Baina, nire ustetan, diskurtso hori ez da guztiz zintzoa izaten ari, fokua sukaldeetan soilik jarri delako eta ez hain espazio garrantzitsua diren jangeletan.

Sarritan Administrazioa eta «hezkuntza komunitatea» deritzonaren parte handi bat jangelaz eta bertako langileez ari direnean, «sukalde» terminoa erabiltzen dute. Baina gure haurrek ikastetxean zer jaten duten galderari erantzun nahi badiogu, kontua ez litzateke zer jaten duten soilik, baizik eta zer eta zelan jaten duten.

Menuak eta sukaldariek prestatutako jaki goxo eta osasuntsu horiek guztiak oso garrantzitsuak dira, dudarik gabe, baina jangelan ez badira lasaitasunez, motibazioz eta gustuz jaten, maiz gertatzen den bezala, zaborrean bukatu dezakete.

Errealitateak esaten digu gero eta familia gehiagok erabiltzen dutela (kantitatea) jangela zerbitzua; beraz, haurrek bertan ematen duten orduen kudeaketa behar-beharrezkoa da (kalitatea). Hezkuntzaz ari bagara, kontuan izan beharko dugu haur horiek irakasleekin ematen duten denbora eta jangela-hezitzaileekin ematen dutena parekatu egin daitezkeela (kalitatea). Izan ere, behar afektiboak dituzte berdin, gatazkak izango dituzte berdin (edo gehiago), ikasgelatik jangelara pasatzeagatik ez diotelako heziketa prozesuan diren pertsonak izateari uzten, ez dira transformatzen, haur berdinak izango dira eta, ondorioz, arlo pedagogikoak garrantzia izango du gune horietan ere.

Jangelak, gaur egun, hezkuntzak dituen ildo eta korapilo berdintsuek zeharkatuta daude: elkarbizitza, feminismoa, segregazioa, berdintasuna, euskara... ez dezagun ahaztu. Are gutxiago, partxeak ipini eta beste aldera begiratu.

Ikasleentzat oso garrantzitsua da jangelak eraldatzea: harreman on eta gizalegezkoak mahai zein jolastokietan (euren artean eta baita hezitzaileekin ere), zalaparta gutxituz, pilaketarik gabe, patxadaz, txikitatik gauzak dastatzeko motibazioa landuz, presioa eta estresa ahal den neurrian desagerraraziz eta, oro har, jangelak ikastetxeetako espazio hezitzaile bat gehiago bihurtuz. Euskararen erabilgarritasunari begira, jangelek eta zerbitzu honi lotutako aisialdiak berebiziko garrantzia dute, ikasgeletako diziplinatik at, umeek bestelako eta lagunarteko giroan gure hizkuntzaren esparru naturala berreskuratzeko beharrezkoak direnak.

Puntu honetara helduta, agerikoa da jangela-hezitzaileok funtsezkoak garela. Nork gauzatu beharko luke bestela eraldaketa? Fokua jangeletan eta bertan lan egiten dugunongan jarri, baliabidez, formakuntzaz, antolaketarako autonomiaz, gurekin bat eginez. Honetaz guztiaz hausnartu eta ezinbestekoa den ikastolako hainbat arduradunen bultzadaz eta babesaz, egun bagara eraldaketa martxan jarri dugun gutxi batzuk; dudarik ez ilusioz ari garela erronka honetan.

Egoera bestelakoa baita jangela askotan oraindik: aitortzarik ez, hezkuntza komunitatean txertatu gabeak, estres handiko lanaldi eskasak, soilik negozio egiteko asmoz dabiltzan enpresa pribatuek kontratatuak.

Jangelak eraldatu beharra dago, eta horretarako, ezinbestekoa da bertako langileak aintzat hartu eta aitortza ematea, gure parte hartzerik gabe aldaketa ez delako posible izango. Gure haurrek zer jaten duten jakiteko zelan jaten duten ere begiratu behar dugulako, jaki goxo eta osasuntsu horiek platerean gera ez daitezen.