Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Beharrezko euria

Nafarroako urtegiek une honetan duten mailari begiratu eta asko dira kezka adierazi dutenak. Neurriak ere hartzen hasiak dira ur hornidura ziurtatzeko. Esaterako, Nafarroako herri batzuetan ur mozketak egin dituzte jada ordu jakin batzuetan, ur galera handirik ez izateko. Baina, hain larria al da? Bada, lekuaren arabera. Kasu honetan, beti galtzen ateratzen diren zonaldeak Araba eta Nafarroa erdia eta hegoa dira. Bertan euri askoz gutxiago egiten du urte osoan zehar. Esaterako, Euskal Herriko txokorik hezeenean 2.500 litro botatzeko ahalmena badu, txokorik idorrenean 300-400 soilik. Eta, noski, euririk ez badu egiten denboraldi luzean, ba...

Isurialde atlantikoan horren kezkarik ez dago. Egia da mendia idor dagoela, baina urtegien maila ez da kezkagarria. Horri gehitu behar zaio, bart egin duen euriak eta asteburuan eta astelehenean botako duenak egoera hobetuko duela. Egoera hori, ordea, ez da hainbeste hobetuko hego isurian. Bertan ere euri litro batzuk pilatuko dira, baina ez dirudi nahikoa izango denik duten ur eskasia ekiditeko. Albiste ona da Pirinioetan elurra egingo duela eta bertako urak Esa edo Itoizko urtegira joango direla.

Akaso ur erabilerari eman behar litzaioke garrantzia. Zertan eta nola gastatzen den hainbeste ur. Askok sorpresa ederra hartuko lukete.