Hizkuntza gutxituak gabe ez dago etorkizun jasangarririk
NBEk ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuak 17 dira, baina 18.a falta da, hizkuntza gutxituak kontuan hartzen dituena. Galzorian dauden Hizkuntzen Fundazioak Gasteizen antolatutako biltzarrean euskara, nahuatl, totonaco, amazig eta gaelera hitz egiten duten komunitateetan ikusitako hutsuneak azaldu zituzten atzo.

Hizkuntza gutxituetan aritzen diren komunitateen beharrak ez dira aintzat hartzen etorkizun jasangarri bat eraikitzearen aldeko pausoetan, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuetan, esate baterako. Hau da, kapital soziolinguistikoaren balioa ingurumenaren iraunkortasunerako kontuan hartu behar da.
Hala egiaztatu zuten euskara, nahuatla, totonacoa, amaziga eta gaelera hitz egiten duten komunitateetan hizkuntzak komunitatearen garapenean, garapenerako helburuetan, ur eskasiaren aurkako neurrietan edo osasun publikoan duen eragina ikertu duten zenbait linguistek. Galzorian dauden Hizkuntzen Fundazioak egindako biltzarrean aritu ziren atzo, Gasteizko EHUko Letren Fakultatean.
Justyna Olko Varsoviako Unibertsitateko soziolinguistak ireki zuen biltzarraren laugarren saioa izan zena. Bartolomiej Chromik kidearekin batera, eleaniztuna den Sierra Norte de Pueblan, Mexikon, hizkuntza indigenek ingurumenean duten eragina aztertu dute, nahuatlaren eta totonacoaren kasuan.
220 pertsonei inkesta egin zieten, nahuatl hiztunak, totonaco hiztunak eta hirueledunak barne. Hizkuntza indigenak aitona-amonekin komunikatzeko nagusi direla ondorioztatu dute, haurrekin hitz egiteko espainiera lehenesten den bitartean. Transmisioari dagokionez, gurasoengandik ikasten dira hizkuntza hauek, eskoletan ez.
Soziolinguistak azpimarratu zuenez, gogobetetze ekonomiko handiena duten pertsonak hirueledunak direnak dira. «Hau ez da kointzidentzia», azaldu zuen, ekonomikoki aktiboak direlako eta espainieraz zein hizkuntza indigenetan komunikatzen den guztian sarbidea daukatelako. Ongizate psikologikoaren eta nahuatlez edo totonacoz hitz egiteko aukeraren arteko harremana ere ikusi dute.
Ikerlariek ondorioztatu dutenez, nahiz eta ehunka urtez kolonizaziopean egon diren herriak izan, interkulturalitatea nagusi den ingurumenek hizkuntzaren eta kulturaren jarraitutasuna ahalbidetzen dute. Izan ere, gizarte sare indartsuak dituzte, belaunaldien arteko harremanak zaintzen dituzte eta bertako ingurumenari buruzko ezagutza erabiltzen dute.
Europara salto eginez, hitza Gordan Camshron Highladseko Unibertsitateko hizkuntzalariak hartu zuen. Ohartarazi zuenez, gaelera ez dute Eskoziako garapen jasangarrirako helburuetarako kontuan hartu. 1990eko hamarkadatik energiaren banaketari eta birziklatzeari buruzko kezka, esate baterako, nagusi izan da. Baita hizkuntzari dagokiona ere, «baina ez dituzte elkarrekin kontuan hartzen».
Gaelera hizkuntza gutxituen artean «antolatuenetariko bat» da, Camshronen hitzetan, baina garapen jasangarriari dagokionez «oso azalekoa» da egindako lana. Praktikan, gainera, desberdina da, gaelerako itzulpen bat lortzeko «asteak edo hilabeteak» itxaron behar delako.
Hizkuntza eta ingurumena lotzeko, arrantzaleen adibidea jarri zuen. Beraien hizkuntza ez zekitenek ez ulertzeko gaelera erabiltzen zuten irratietan, eta horrek ekonomia hobetu eta hizkuntzaren iraupena lagundu zuen. Gaur egun, aldiz, ekonomikoki errentagarriak diren lanbideak Highlandsetatik kanpo sortzen dira, jatorrizko tokia atzean uztera behartuz.
Beraz, gakoa da «nork, norentzat eta zein ingurumenetan» egiten diren jasangarritasun planak, hizkuntza gutxituek «eragin zuzena» izan dezaketelako gaur egungo gizartearen aldaketetan. Hala ere, Gordan Camshron kezkatuta agertu zen egindako ikerketa lanean elkarrizketatu dituen pertsonen gehiengoak adierazi zuelako ez zekitela gaeleraren biziberritzearen noranzkoa zein den.
TRANSMISIOTIK HARAGO
Bestalde, Gregory Haimovich Varsoviako Unibertsitateko soziolinguista eta antropologoak nabarmendu zuenez, hizkuntza gutxituen kasuan «normalean enfasia transmisioan jartzen da», baina testuinguru desberdinetan erabilera ez da kontuan hartzen.
Horren adibide da osasun publikoan hizkuntza indigenak eta hiztunak kontuan ez hartzea.
Haimovichek Mexikoko nahuatlaren kasua ikertu du, San Miguel de Tenango Pueblako herrian egindako proiektu baten bidez. Bertako adineko jendearen eta osasuneko langileen artean alde handia sortzen du hizkuntzak, normalean komunitateko kideek bete behar dutena, itzulpenak egiten, kasurako.
Proiektu horretan, hiztunei egindako inkesten bidez neologismoak sortu zituzten, nahuatlez idatzitako kartelak egin zituzten eta langileentzat klaseak prestatu zituzten.
Hala ere, nahiz eta osasun legeak hiztun indigenek arreta beraien hizkuntzetan jaso behar dutela arautzen duen, oztopoak izan zituzten logotipo ofizialarekin kartelak inprimatzeko, eta «ez dituzte neurri praktikoak hartzen». Beraz, ondorioztatu dute erronka soziopolitikoak hizkuntzari buruzko erronkak baino zailagoak direla.
Amazig hizkuntzaren kasuan, Afrika iparraldean hitz egiten dena, hizkuntzaren inklusioa ur eskasiari aurre egiteko politiketan duen eragina aztertu dute Yamina El Kirat El Allame eta Khadija Ouhmidi Marokoko ikerlariek.
Ouhmidik azaldu duenez, arazo honi aurre egiteko Marokoko Estatuak hartutako neurriak, argitaratutako legeak eta kontzientziatzeko egindako kanpainak arabiarrez edo frantsesez baino ez daude. Eskoletan eta sare sozialetan ematen den informazioaren kasua antzekoa da. Hortaz, amazig hizkuntza bakar gisa duten hiztunak «guztiz alde batera uzten» ari dira.
Neurriek efektibotasuna galtzen dute, azpimarratu zuen Ouhmidik. Hain zuzen, «Estatu marokoarrak bere esfortzu propioen ez eraginkortasunera lagundu du». «Hemezortzigarren helburu bat behar dugu», erantsi zuen.
EUSKARAZ, KOMUNITATEA SORTUZ
Euskararen kasuaz aritzeko, Ibon Manterola euskal hizkuntzalaria izan zen biltzarrean. Ipar zein Hego Euskal Herriko ekimen kulturalak aztertu ditu bere taldearekin ikuspegi holistiko batetik, komunitateen garapenerako laguntzen ote duten ikusteko.
Aiaraldeko Ekintzen Faktoriaren kasua ekarri zuen. Tokikotasuna eta izaera eraldatzailea, eraikitzailea eta librea oinarri dituenez, euskara ez du helburu isolatu gisa, azaldu zuen. «Beharrizan sozialak eta ekonomikoak uztartuz gero, hizkuntza katalizatzaile bihurtzen du», esan zuen. «Hizkuntzaren dimentsioa integratzen denean komunitatea erresilienteagoa da».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
