GARA

Zurgintza ikasleen «Dolareak» ekimena

Zurgintza ikasleek 400 urte baino gehiago dituen sagardo dolare bat berreskuratu, zaharberritu eta berriro muntatuko dute.

Dolareak egitasmoaren aurkezpena, Astigarragan.
Dolareak egitasmoaren aurkezpena, Astigarragan. (Jon URBE | FOKU)

Atzo Astigarragako udal biltegian egindako aurkezpenean Erbetegi-Etxeberri baserriko sagardo dolarearen zaharberritze lanak erakutsi zituzten. Dolarea urteetan zehar kontserbatu da eta, orain proposatutako proiektuari esker, bizia berreskuratzen ari da. Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko hiru lanbide heziketa zentroetako ikasle gazteak “Dolareak” egitasmoan parte hartzen ari dira, XVII. Mendeko sagardo dolare bat zaharberritzeko. Ekimena Peio Martikorena Fundazioak sustatu du, Astigarragako Udalarekin. Alde batetik, Astigarragako alkate Xabier Urdangarinek zioenez, proiektuak hiru helburu nagusi ditu: «Dolare zaharrak berreskuratzea eta zaharberritzea, gazteei zurgintza lanbide tradizionalak irakastea prestakuntzaren bidez eta mugaz gaindiko lankidetza sustatzea Euskal Herrian programa eleaniztun baten bitartez». Beste aldetik, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko ordezkariak nabarmendu zuenez, «gure helburuak betetzen dituen egitasmo baten adibide ona da hau, mugaren bi aldeetako garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala sustatzen dituelako, mugaz gaindiko lankidetzaren bidez».