AMAGOIA MUJIKA
DONOSTIA

Bizkaiko Bertsolari Txapelketak finalaurrekoetarako trajea jantziko du

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa koska bat igoko da asteburuan, eta finalaurrekoetarako trajea jantziko du. Zeanurin jokatuko da bost saioetan lehena, finalerdiak bi bueltara izango baitira aurten. Finala Casillan jokatuko da abenduaren 20an. Parean, Nafarroako Txapelketako lehen faseko azken saioa izango da asteburuan, eta segituan dira finalaurrekoetan. Bi txapelketak 2026ko Txapelketa Nagusirako puntuagarriak dira.

Irudian, Bizkaiko 2023ko finala, Bilbao Arenan. Aurten Casillan izango da.
Irudian, Bizkaiko 2023ko finala, Bilbao Arenan. Aurten Casillan izango da. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa martxa betean doa. Asteburuan iritsiko da finalaurrekoen geltokira, igandean Zeanurin jokatuko den saioarekin. Bertan arituko dira ondorengo bertsolariak: Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Bittor Altube, Imanol Uria, Jone Uria eta Oihana Bartra.

Aurtengo berezitasunetako bat da finalaurrekoek bi buelta izango dituztela. Lehen bueltan hiru saio izango dira: Zeanurin, urriaren 26an; Abadiñon, azaroaren 2an; eta Barakaldon, azaroaren 9an. Lehen buelta honetan 18 bertsolari arituko dira, 11 aurreko faseetan sailkatu direnak eta zazpi finalaurrekoetara zuzenean pasa direnak. Zazpi horiek finalista izan ziren 2023an, horregatik lortu dute txartel zuzena. Finalisten artean Nerea Ibarzabal da txapelketan ez parte hartzea erabaki duena, aurreko txapelduna hain justu. Ibarzabal finalista izan zen 2022ko Txapelketa Nagusian eta ziurtatuta dauka 2026ko Nagusiko parte hartzea. Segur aski hortik ulertu behar da aurtengo Bizkaikoan atseden hartzeko erabakia. Izan ere, txapelketak exijentzia handiko sasoiak izaten dira bertsolariarentzat. Txapelketa Nagusiko bezperetakoa da Bizkaiko aurtengoa, eta horrek ere markatzen du lehiaren arnasa, Nagusirako puntuagarria baita. Bizkaitik 10 bertsolari sailkatuko dira 2026ko Euskal Herriko Txapelketara.

BI BUELTARA

Lehen fase horretan arituko diren 18 bertsolari horietatik 12 puntuazio onenak sailkatuko dira bigarren bueltara. Azken bi finalaurrekoak Bermeon (azaroaren 15) eta Markina-Xemeinen (azaroaren 22) jokatuko dira. Eta bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da zein izango diren finalean.

Finala abenduaren 20an jokatuko da. Eta badira nabarmentzeko bi kontu gutxienez. Batetik, Casillan izango da finala. Aurreko Bizkaiko finalak Miribillan jokatu izan dira, eta aurten tokia aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Eta, bestetik, azken finalaurrekotik finalera bitartean dagoen denbora tartea aipatu behar da, kasik hilabete. Tartean beste kultura hitzordu garrantzitsuak izango direnez, abenduaren 20ra eraman behar izan dute finala. Pentsatzekoa da horrek bertsolarien jarduna baldintzatuko duela, epeak luzatu egiten direlako eta horrek prestaketaren plangintzan eragina izango duelako. Baina orain, seguruen, bertsolariek finalaurrekoen lehen bueltan izango dute burua eta gorputza. Eta gero gerokoak, txapelketakoa pausoz pauso egin beharreko bidea baita.

NAFARROAKO TXAPELKETA

Bizkaiko Txapelketa eta Nafarroakoa denboran parean doaz aurten. Igandean bertan jokatuko da Los Arcosen Nafarroakoaren lehen faseko azken saioa. Bertan kantuan arituko dira honako bertsolariak: Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Kattin Madariaga, Mikel Lasarte, Saioa Alkaiza eta Xabier Maia. Saioa amaitutakoan, hiru finalaurrekoetan parte hartuko duten 18 bertsolarien zerrenda itxiko da.

Nafarroan hiru finalaurreko jokatuko dira, buelta bakarrera. Honakoak dira hitzorduak: Agoitzen, azaroaren batean; Leitzan, azaroaren 8an; eta Tafallan, azaroaren 16an. Finala azaroaren 29an jokatuko da Iruñeko Nafarroa Arenan. Hemen ere finalaren toki aldaketa izango da, azken urteetan Anaitasunan izan baita.

Bizkaikoa bezala, Nafarroako Txapelketa ere puntuagarria da Txapelketa Nagusiari begira. Orain arte lehenengo bostak sailkatzen ziren Nagusira. Aurten bi gehiago izango dira. Guztira, zazpi bertsolari sailkatuko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako.