ALAIA SIERRA
DONOSTIA

Nerabezaroaren eta heldutasunaren arteko «linboaz» eleberria dakar Julen Apellak

“Sakelako bihotzak” nobelan Z belaunaldiaren beldurrak, ametsak, harremanak izateko moduak, ezinegonak eta, funtsean, nerabezaroaren urteen eta helduaro «egonkorraren» arteko «linboa» irudikatu ditu Julen Apellak. Idazlearen lehenengo eleberria Agustin Zubikarai bekari esker argitaratu du.

Julen Apella, liburua eskuetan, Donostian eginiko aurkezpenaren aurretik.
Julen Apella, liburua eskuetan, Donostian eginiko aurkezpenaren aurretik. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Julen Apellak lehenengo eleberria argitaratu du , Elkar argitaletxearen eskutik eta Agustin Zubikarai bekari esker. Gizaldi baten isla izan nahi ez badu ere, “Sakelako bihotzak” nobelaren orrialdeetan Z belaunaldiaren beldurrak, ametsak, harremanak izateko ereduak, ezinegonak, errugabetasuna, lan prekaritatea eta «inkomunikazio» ereduak bildu ditu.

Jokin eta Felix 21 urteko gazteen begietatik kontatu du, baina hirugarren pertsonan dagoen narratzaile baten bidez. Pandemiaren eta honen ondorio psikologikoak ere pertsonaia garrantzitsua dira nobelan, 2023an kokatuta dagoelako, «pandemiaren ostean baina normaltasun ia erabatekoa genuenean», azaldu zuen Apellak atzo egindako aurkezpenean.

Aurreratu zuenez, Jokinek Arte Ederretako gradua ikasi du, karisma handikoa da, kaotikoa. Baina, pandemian depresioak jota egon ondoren, jendea erakartzeko eta liluratzeko gaitasuna alde batera utzi eta «noraezean» dabil. Karrera amaitu ostean «zer egin ez dakielako», master bat ikasten ari da.

Masterrean Felixekin dago. Lagunaren oso desberdina da; arrazionalagoa, hotza, objektiboa eta «inoiz ez du ezertan destakatu», azaldu zuen idazleak. Krisialdi une bat bizitzen ari da, Maitane neskalaguna Erasmus bekarekin kanpoan dagoenez, harremana irekitzea erabaki dutelako.

«Askotan irakurleak ez dira protagonistekin identifikatuta sentituko», ohartarazi zuen Julen Apellak. Hala ere, zineman ‘coming of age’ deritzon azpigeneroaren barruan kokatzen du bere lan hau, «dagoeneko nerabeak ez direnak, baina ezta heldu funtzionalak ere».

Emakume bat protagonista jartzeko aukera aintzat hartu zuen Apellak, baina ez egitea erabaki zuen; alde batetik, bere lehenengo nobelan «erosotasunez» jardun nahi zuelako eta, bestetik, «ezegokia iruditzen zaidalako nik neuk bizi izan ez ditudan eta emakumeek bizitzen dituzten arazo estrukturaletan gehiegi sartzea».

Artean eta literaturan «unibertsalak» diren gaiak landu ditu: maitasuna, desira, beldurra eta komunikazio arazoak, esaterako. Hala ere, testuinguru jakin batera ekartzen «saiatu naiz», literarioki «estimulagarria» izateko. «Hori da koxka» eleberri bat idazteko, uste du Julen Apellak.

DISTANTZIATIK

Estiloaz ere asko hausnartu du idazketa prozesuan zehar; «obsesionatu nau», hain zuzen ere. Drama existentzialistarik egin nahi ez zuenez, distantziatik kontatu du belaunaldi honen egunerokotasuna, hirugarren pertsonan aritzen den narratzaile «nahiko distante» batek lagunduta.

Azaldu zuenez, protagonisten pentsamenduetan «sartu eta atera» egiten da eta «ez du enpatia gehiegi sentitzen» beraiekiko. Beraz, haien pentsamenduen berri ematen badu ere, zinismotik eta ironiatik egiten du.

Horren bidez, «perspektiba eman» dio istorioari. Pentsamenduak kanpotik aztertzen dituen prisma hartu du idazleak, «gure burua kanpotik begiratzeko eta hausnarketa zintzoa egiteko». «Horretarako ona da distantzia», adierazi zuen aurkezpenean. Gainera, narratologiaren arauak jarraitzen ez dituela uste du. Lagun batek irakurri ondoren esandakoarekin laburbildu du eleberriaren mamia: «kostunbrismo ironikoa».