GARA
IRUÑEA

Biometanizazio planen inguruko eztabaida eskatu dute Iruñean

Mobilizazio jendetsua hartu zuen atzo Iruñeak, Nafarroan biometanizazio plan bat egiteko eztabaida publiko eta parte hartzailea ireki dadila exijitzeko. Moratoriaren aldarrikapena urriaren 30ean iritsiko da Nafarroako Parlamentura eta Osoko Bilkuran aztertuko da gaia.

Jende ugari bildu zen Iruñean, biometano planten aurkako mobilizazioan.
Jende ugari bildu zen Iruñean, biometano planten aurkako mobilizazioan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Biometanizazio planta handien aurkako Nafarroako Plataformek deituta, giza kate jendetsua burutu zuten atzo Iruñeko Sarasate pasealekuan, Parlamentuaren eta Diputazioaren artean. Heldu den ostegunean bioplataformen moratoria aztertuko dute Parlamentuko Osoko Bilkuran eta, ekintza honen bidez, plataformek biometanizazio plan bat egin aurretik eztabaida publiko eta parte hartzailea ireki dadila eskatu nahi izan zuten.

Mobilizaziora jende ugari batu zen, horietako asko herri eta plataforma ezberdinetakoak, eta “Gure herriak zuen gasak baino gehiago balio du”, “Moratoria orain” edota “STOP bioetanoa” leloak zeramatzaten hainbat afixa ikusi ahal izan ziren, baita aire eta ur garbiaren beharra azpimarratzen zutenak ere, edo planta hauek eragiten dituzten kalteez ohartarazten zutenak.

Protestan zehar, kolektiboen ordezkari Angel Marinek gogora ekarri zuen mobilizazioan parte hartzen ari ziren pertsonak «bizileku duten lurraldeagatik arduratzen den jendea» dela, eta lur horietako ortuetan Nafarroako ohiko produktuak landatzen direla adierazi zuen. «Nafarroako piperrak, zainzuriak, ardoak eta olioak» aipatu zituen, eta planta hauen hondakinek lur horiek «kutsatu» egiten dituztela nabarmendu zuen.

«Kontua ez da denari ezezkoa ematea», esan zuen, «baizik eta tokiko nekazaritza babesten duten politika publikoei eta gertuko merkatuei baiezkoa ematea, benetako trantsizio agroekologikoan eragin dezagun». «Horrek bai apalduko lukeela klima aldaketa», gaineratu zuen.

Manifestazio amaierako idatzia irakurtzearen arduraduna Marivi Secilla izan zen. Lodosako emakume honek «diru publikoa erabilita sustatzen diren biogas makroproiektuen inbasioa» salatu eta planifikazio «publiko eta demokratiko» baten alde egin zuen, «akuiferoen kutsadura, kamioien trafikoa eta hondakinekin egiten den espekulazioa» saiheste aldera.

MORATORIA BATEN BEHARRA

«Hainbeste urteko lanaren ondoren, moratoriaren aldarrikapena Nafarroako Parlamentura iritsi da, Plataformek emandako bultzadari esker», azpimarratu zuten Sustrai Fundaziotik. Gaiarekin sortzen ari diren «tentsio eta presioen» jakitun diren aldetik, datozen egunak garrantzizkotzat jo zituzten, talde parlamentarioei moratoria baten «beharra» helarazteko eta biometanizazio plan baterako eztabaida publikoa irekitzeko, «gure errealitatera egokituko dena eta gure etorkizuna eta, bereziki, lehen sektorekoa hipotekatzea ekarriko ez duena, lurzoru eta baliabide hidrikoak kutsatuz».