Andoni TOLOSA “MORAU”
Musikaria

Youtube music

Nola ez bada, kontrakoa litzateke aipagarria. Alegia, Googlek uko egin diola Israel Gazan burutzen ari den basakeriaren aurpegia garbitzeari. 44 milioi eurok omen dute errua, horixe omen da Netanyahuren bulegoak ordaindu diona Google ahalguztidunari, batez ere, Youtuben Gazan goserik ez dagoenaz mundua konbentzitzen laguntzeko. Israelek Gaza hiria hartuko zuela iragarri zuenean hasi omen zen “publizitate” kanpaina, eta sei hilabete iraungo omen du, Drop site news gunearen arabera. Berria haiek argitara eman zuten irail erdi aldera. Beraz, Youtube Music ere ez! Beste urrats bat Israelekin zer ikusirik ez duen streaming plataformaren baten bila abiatutako duintasun melomanoaren martxa luze, luze, luze honetan.

Ez dit pena handirik ematen, ez zegoen ene lehenengo aukeren artean. Besteak beste, aspaldi delako ez dudala, kasik, Youtubeko bideorik ikusten eta, are gutxiago, inori halakorik bidaltzen, batez ere, doakotasunaren izenean jaso eta ematen duzun publizitate zaparrada saihesteko.

Baina, begira, iragarki iradokitzailerik gabe ere, ordainduta alegia, Netanyahuri esker, orain ezin bihurtu Youtube Musicen bezero. Gizagaixo musikazaleen patu aldrebesa, Snoid jaunari eskatu beharko diot aholkua, berak dioen bezala, nire entzungailuak entxufatzeko zulo egokiren bat topatzeko.