Iker GURRUTXAGA
BIME JAIALDIA

Musika industriako aktoreei aitortza bimeko Aupa! sarietan

Musikaren industriako arlo desberdinei banatzen zaizkien sariak dira Aupa! aintzatespenak, eta aurten bigarren edizioa izan dute. Amaia Romero iruindarrak eta Manuel Alejandro xereztarrak belaunaldiartekotasuna eszenifikatu zuten, ekitaldiaren bukaeran Amaiak Manuel Alejandroren abesti bat eskainita. Zahara, Rufus T. Firefly edo Mondo Sonoro izan dira beste saritu batzuk.

Musika industriaren atal desberdinak nabarmendu zituzten Aupa! sarietan. Ezkerrean. saritu guztiak. Eta eskuinean, Amaia Romero pianoan, Manuel Alejandroren txaloak jasotzen.
Musika industriaren atal desberdinak nabarmendu zituzten Aupa! sarietan. Ezkerrean. saritu guztiak. Eta eskuinean, Amaia Romero pianoan, Manuel Alejandroren txaloak jasotzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bukatu da Euskalduna Jauregian 2025 honetako BIME azokak eman beharrekoa. Izen propio ugari utzi du aurtengo ekitaldiak, eta azken egunean Ruben Blades musikari panamarrak hizketaldi interesgarria eskaini zien bertaratuei. Azken eguna, ordea, lasaia izaten da, intentsitate handiko bi egun eta bi gauren ostean Aupa! sariekin irudikatzen da azokaren bukaera. Hori bai, oraindik ere Bilbon izango da zer ikusi eta zer entzun, zuzeneko emanaldiek edota KEXP irratiaren grabazio bereziek musikaz beteko baitituzte hainbat txoko gaur iluntzera arte.

Iaz martxan jarri ostean, bigarren edizioa izan dute BIME musika azokako Aupa! aintzatespenek. Euskalduna Jauregiko hitzaldien areto nagusian azokan parte hartu duten erakunde, enpresa, sortzaile, erakunde eta abarrak elkartu ziren sari banaketan.

HAMASEI KATEGORIA

Zuriñe Hidalgo gasteiztarra izan zen galaren aurkezlea. «Mundu indibidualista honetan baitan eta lehiaketa moduko batean bizi garenean, gogora ekarri nahi dugu aurrera elkar hartuta egiten dugula. Horregatik, itzalean lan egiten duen askok saria jasoko du gaur. Iceberg batzuk dira garaikur moduan emango direnak, banaka eginak eta denak desberdinak. Zergatik iceberga? Bada, ikusten dena punta delako, ur azalean dagoena, baina azpian eta ezkutuan dagoen guztia ere badelako izebergaren parte, eta horri eman nahi diogu balioa», aipatu zuen aurkezle moduan aritu zen musikariak.

Proiektu diskografikoari saria Rufus T. Firefly talde madrildarrari eman zioten “Todas las cosas buenas” lanagatik. Marti Perarnauk eman zien saria Victor Cabezuelo eta Julia Martin-Maestro taldekideei, eta hauxe esan zuten saria eskuetan zutela: «Jaso dugun lehen saria da 20 urte hauetan, eta bidea luzea izan da. Gure bulegoari, Emerge Managementi, zati bat eskaini nahi diogu eta, noski, gure familiei, gu babestearren».

Ekoizpenaren saria Zahara musikari eta artista andaluziarrarentzat izan zen. Ekoizleek ez dute askotan saririk eskuratzen, eta are gutxiago emakumeak direnean. «Haiena ere badelako espazio hori» eman diote saria Zaharari. «Ilusioa egiten dit sari hau jasotzeak eta hori banekiela jaso behar nuela. Marti Perarnauri eskerrak eman dizkio, «bere eskutik ikasi dudalako dakidana, baina baita behar izan dudanean albo batera jo duelako ere eta nire proiektuari heltzeko aukera eman didalako», esan zuen musikari espainiarrak. Beste emakume produktore batzuk aipatu zituen segidan, bera bezala, isilean lanean aritzen direlako: Amore, Christina Rosenvinge, Rosalia, Sandra Delaporte edo Jimena Amarillo.

Euskararen presentzia eta Palestinaren aldeko mezua

Bozgorailu saria etorri zen atzetik, musikaren zabalkundean egindako lanagatik banatzen dutena. “Mondo Sonoro” aldizkaria izan zen saria eskuratu duena. Urrian 31 urteko bidea bete dute, eta talentu berrien alde egiten duten apustua jarri zuten fokuan Aupa! sariak banatzen dituztenek. Iker Barbarak, Zarata edizioko zuzendari eta NAIZ Irratiko kolaboratzaileak jaso zuen saria bere lankideekin batera, eta euskaraz mintzatu zen, ziurrenik BIME guztian euskaraz egin den hitzartze bakarra izanik: «Gure aldeko apustua egiten duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, ez zaretelako gutxi. Horrez gainera, paperezko edizioen aldeko aldarria ere egin nahi dut, gero eta zailagoa delako horiei eustea. Eta, nola ez, Palestinar herriari babesa adieraztea ezinbestekoa da une honetan». Bi aldarrikapen ezinbesteko BIME bezalako plaza batean.

“Fest” aintzatespena etorri zen ondoren, eta hori Donostiako Jazzaldiari eman zioten, «inguruan eta industrian sortu duen inpaktu positiboagatik». Sei hamarkadako bidean izan diren artista ugari aipatu zituzten aurkezpen bideoan, eta erreferentziazko espazio bihurtu dela nabarmendu. «Tradizioa eta berrikuntza elkar hartzen dituen jaialdi bezala» adibide azpimarragarria dela esan zuten, «interes turistiko eta kulturaleko ikur bihurtu dena».

Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak hitza hartu zuen eta horrela esan zuen: «1966an Jazz jaialdi bat martxan jartzea konplikatua zen, eta egun osasun, ausardia eta inteligentzia berarekin jarraitzen du edo saiatzen gara, Donostiako hiritarrei eta kanpotik datozen zaletuei kartel interesgarri bat eskaintzeko asmoz. Baina ahalegin kolektiboa da hau antolatzea, eta Esther Fernandino, Eva Coloma, Jose Ignacio Balda eta Patxi Larralde igo dira nirekin oholtzara, Jazzaldiaren sail desberdinei beren lana aitortzeko».

Belaunaldien lotura

70 urteko musika ibilbideari saria eskaini zioten Manuel Alejandro xereztarrari eta urteko artistarena Amaia Romero iruindarrari. Baina azken sorpresa bat falta zen. Amaiak “Como yo te amo” abestu zuen Manuel Alejandroren begiradapean, pianoa jotzen zuen bitartean.

BIMEko une ikoniko horietako bat utzi zuten hor, belaunaldien arteko lotura irudikatuz elkarren arteko besarkadaz. Saritu guztien familia argazki batekin bukatu zen ekitaldia.