GARA
BILBO

Izotz fabrika berriak egingo dituzte Ondarroan eta Bermeon

Lakuaren bultzadarekin, Ondarroan eta Bermeon izotz fabrika berri bana eraikiko dira. Arrain lonjak izotzez hornitzea eta itsasontziei ere banatzea dute helburu. Ondarroaren kasuan, maiatzerako amaitzea aurreikusi dute, eta Bermeokoa, berriz, uztailerako.

Barrondo sailburua, eraikuntza berrien nondik norakoak azaltzen, atzo.
Barrondo sailburua, eraikuntza berrien nondik norakoak azaltzen, atzo. (IREKIA)

Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak izotz fabrika berriak sustatuko ditu Bermeoko eta Ondarroako lonjetan. Instalazio berri horien helburua arrain lonjak izotzez hornitzea eta ontziei izotza ematea da, arraina portura iritsi arte kontserbatu ahal izateko.

Instalazio berriekin egun zaharkituta dagoen zerbitzua «modernizatzea» lortuko dutela adierazi zuen atzo Amaia Barredo sailburuak; izan ere, 1978koa da Bermeokoa, eta 1971koa Ondarroakoa. «Izotz fabrika berri horiek gure arrantzale eta operadoreei zerbitzuaren kalitatea eta lana erraztu eta hobetuko diete, eta kontrol, segurtasun eta eraginkortasun energetikoaren automatizazio hobea ahalbidetuko dute», nabarmendu zuen. Izotz fabrika berriak maiatzaren hasieran martxan jartzea aurreikusi dute Ondarroaren kasuan, eta Bermeokoa uztailaren erdialdean.

Guztira, 6.583.458,22 euroko inbertsioa egingo dute. Ondarroakoa burutzeko 3.854.443,67 euroko inbertsioa egingo da, eta Bermeokorako, 2.729.014,55 eurokoa.

EGUNGO GUNEAK HOBETU

Sailburuak adierazi zuenez, gaur egun Bermeoko kaiko zabalgunean dauden instalazioak Erroxapeko portu eremuan dagoen arrantzaleen kofradiaren eraikinera igaroko dira. Eta fabrika horrek bi irteera izango ditu hornidurarako, bata iparraldean itsasontzientzat eta bestea hegoaldean kamioientzat.

Zehaztapen teknikoei dagokienez, beheko solairuan izotz siloa, amoniako zirkuituko konpresoreak eta mantentze lanetarako tailer bat jarriko dira. Bulegoen solairuartearen azpian makina gela egongo da; kontrol bulegoa lehenengo solairuan, eta lurrungailuak edo sorgailuak goiko solairuan. Eraikuntza lanek hamar hilabeteko iraupena izango dutela espero dute.

Bestalde, proiektu honekin «herriko dartsena eraldatzen» hasiko dela iragarri zuen sailburuak, Portua Antolatzeko Plan Orokorraren barruan.

Ondarroari dagokionez, lantegi berria lonjan kokatuko dela jakinarazi zuen Barredok, «eta eskatutako edozein izotz eskariri erantzuteko teknologiarik aurreratuenaz hornituta egongo da, hornidurarik ez izateko arriskurik gabe», gehitu zuen. Itsasontzien zerbitzuaz den bezainbatean, hornikuntzarako bi irteera izango ditu, bata iparraldean eta bestea ekialdean.

Beheko solairuan izotz siloak kokatuko dira, eta horien artean makina gelak, konpresoreak, hotz koadroak eta abar egongo dira. Kontrol bulegoa beheko aldean egongo da, eta zortzi hilabetean amaitzea aurreikusi dute, datorren urteko maiatzerako.

Zerkausia konpontzea, portua dragatzea eta Egidazu kaia berrurbanizatzea eta konpontzea ere egingo dira.