Non dago Troia?
Gure literaturaren jatorrietan, “Iliada”-k grekoen eta troiarren arteko gerra kontatu zigun. Hura gerra luze eta beldurgarria izan zen, Troiako hiriaren erabateko suntsipenarekin amaitu zena, antzinako hiri handiaren kokapena bera mendeetan zehar misterio bihurtzeraino. Hartaz oroitzapena besterik ez zen geratu.
Gaur egun inork ez daki zer gertatuko den Gazarekin. Bake planak gezur hutsa dira, eta albiste manipulatuak baino ez zaizkigu iristen, bertan kazetarien lana debekatu eta haiek jazarri edo hil egiten dituzte, besterik gabe. Irakurtzen edo entzuten dugun guztia genozidioa babesten duten potentzia belikoek manipulatzen dute, beraz.
Greziarren eta troiarren arteko borroka, Hamasek, Yom Kippur Gerraren 50 urte betetzen zirenean, 2023ko urriaren 7an egin zuena baino bahiketa mugatuago batekin hasten da, baina Helena gatibu hartzeagatik mendekuaren eta haren askapenerako gerra ere bazen.
Ezer ez da aldatu. Gaur egun, gizakiek ere borroka egin duten gerra goraipatzen dute, emakumeak eta haurrak biktima izaten jarraitzen duten bitartean, bidenabar. Erisek, liskarraren jainkosak, gudu zelaian mendeku haziak gizakien bihotzetan ereiten jarraitzen du.
Iliadan, Zeusek zotz eginez erabakitzen du nork irabaziko duen borroka, eta nork galduko, nor hilko den gerran eta nor biziko den. Gaur egun, drone ikusezinek hiltzen dituzte giza helburuak.
Iliadan ere su-eten bat gauzatu zen. Jainkoek gaua baino lehen geldiarazi zuten Ayanteren eta Hektorren arteko borroka, eta, su-etenean zehar, borrokalariek elkarri opariak eman zizkioten, heleniarrak eta troiarrak konturatu zitezen, etsaiak izan arren, elkarren artean hurbiltasuna eta adiskidetasuna ere bazituztela. Gizatasun keinu hori, ordea, galdu egin da gaur egun.
Orduan akeoak eta troiarrek esan zezaketen: «Biok haserre bizian borrokatu genuen, baina gero lagunak bezala banandu ginen, ados jarri ondoren». Hori jada ez da gertatzen.
Egungo ankerkeriak, ordea, aise gainditzen ditu greziar tragediak. Dror Mishani idazle juduak, 2024ko uztailean Gazako gerrako “Fenster Ohne Aussicht” (Ikusmenik gabeko gela bat) egunerokoa argitaratu zuenak, kontatzen digu israeldar armadak Hamasen gatibutzatik ihes egitea lortu zuten bahitu juduak ere hiltzera iritsi zen jarrera krudela: «Armadako bozeramaileak dio hiru bahituk, aipatu urriaren 7an atxilotuak izan zirenek eta Gazan bi hilabete baino gehiago gatibu zeramatzatenek ihes egin zutela harrapatzaileengandik, 24 ordu baino gehiagoz suntsitutako hirian ezkutatu zirela, kaltetutako eraikin baten hormen gainean SOS bat eta haien hebreerazko izenak idatzi zituztela, soldadu israeldarrek ikusiko zutelakoan argi geratzeko beraiek ere juduak zirela, eta gainera, kamisetak ere kendu zituztela, soldaduek ez zezaten pentsa jantzietan lehergailuak zituzten terroristak zirenik: are gehiago, trapu zuriak zeramatzaten eskuetan soldaduek bakea nahi zutela uler zezaten. Hala eta guztiz ere, haiek ikustean, soldadu israeldarrek tiro egin eta hil egin zituzten. Horietako bi, Alon Shamriz eta Samer Talalka, bertan hil ziren. Hirugarrena, Yotam Haim, zaurituta geratu zen eta erortzear zegoen eraikin batean babestu zen. Orduan soldaduek ezkutalekutik irteteko konbentzitu zuten, eta, irten zenean, berriro tiro egin zioten eta berehala hil zen».
Jakin badakigu, teknologia aurrera, bihotza atzera, gerraz babestutako krudelkeria dela arriskutsuena eta, halaber, bihotzik gabeko garaiotan, gizakia izatea da ausardia handiena. Izan ere, apartheid egoera guztietan bezala, gizakiak gizakiaren aurka jotzen duenean, bihotzak egiten du odolik ilunen.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
