Oier IRIARTE ARRONDO
BIARRITZ

«Bihar ere laborari»: Lurrama prest da milaka laguni harrera egiteko

Gaur hasi eta igandera bitartean iraganen da Lurrama, Biarritzeko Irati erakustazokan. Merkatu, hitzaldi, apairu eta beste hamaika jarduerez osaturiko egitarau oparoa antolatu dute. Bestalde, besta giroak ere izango du tokirik, txaranga edota kontzertuek ere hartuko baitute erakustazoka asteburu osoan zehar.

Korsika izan zen iragan urteko Lurramaren herri gomitatua.
Korsika izan zen iragan urteko Lurramaren herri gomitatua. (Patxi BELTZAIZ)

Ordu guti eskas dira Irati erakustazoka laborantzaren erakusleiho bilakatzeko. Izan ere, gaur goizean helduko da Lurrama azoka Biarritzera, eta igandera bitarte milaka pertsona bilduko ditu. Urtero, herri bat gomitatu ohi du Lurramak, bertako ekoizpenak aurkeztu eta laborantzak bertan bizi duen egoeraren berri emateko; aurten, aldiz, atzerrira ez jotzea eta etxekoari garrantzia emateko hautua egin du. Hala, Euskal Herria bera da Lurramaren hogeigarren edizioaren herri gomitatua.

Euskal Herriak biodibertsitate plurala duela nabarmendu dute antolatzaileek, «laborantza heterogeneo eta kalitatezko produktuen ekoizteko egokia». Hori bai, laborantzaren egoera kezkagarria ikusita, “Bihar ere laborari” lemarekin antolatu du Lurramak aurtengo azoka. Bada, gai horri buruzko zenbait ertz landuko dituzte asteburu osoan, hala nola, «laborantza mundukoak ez direnen instalazioa, formazioa, kalitatezko markak edo burujabetza».

Hain zuzen, beste lurralde batzuekin alderatuz Ipar Euskal Herrian egoera pixka bat hobea dela aitortu dute antolatzaileek, urtero 200 eta 250 instalazio bitarte izaten baitira, %75 gainera 40 urtez azpikoen eskutik. Egoera sakonki begiratuz gero, baina, ez da batere ona: «Ipar Euskal Herrian 2010 eta 2020 artean etxaldeen %15 desagertu ziren, eta 1970 eta 2020 artean %57». Gainera, egun Ipar Euskal Herriko laborarien zati handi batek 50 urte baino gehiago ditu.

Hortaz, «bihar ere laborariak izateko elkarrekin lan egin behar dugu jendarte zibil, instituzio publiko eta laborantza munduko aktore guztiek», adierazi du Lurramak, baita «erronka hori betetzeko lege eta ahalak plantan eman behar» direla ere. «Laborantzan, beste arloetan bezala, gazteak izatea ezinbestekoa da dinamika aitzina eramateko eta geroa segurtatzeko».

HITZALDI ANDANA

Irati aretoak ateak gaur goizean irekiko baditu ere, atzo iluntzean hasi zen Lurrama giroa berotzen. Izan ere, Bidarteko ESTIAn hitzaldi interesgarria antolatu zuen: “Nolako instalazio estrategia(k) Euskal Herriko elikadura burujabetza hobetzeko?”.

Gaurko, berriz, “Sor-markak, Euskal Herrian laborarien iraunarazteko tresna bat” hitzaldia antolatu du azokak, 17:30ean Irati erakustazokako 1-2 gelan. Panpi Olaizolak (Ezpeletako Biperra jatorri izen babestua), Maritxu Lopepek (Ossau Irati jatorri izen babestua), Felix Ajuriak (Idiazabal jatorri izen babestua), Lorenzo Sarrateak (Erronkari jatorri izen babestua) eta Olatz Mitxelenak (Euskal Sagardoa biharko sor-marka) emanen dute mintzaldia.

Oren berean, 3. gelan, “Euskal Herrian laborari plantatu, errealitate ezberdinak” solasaldia izanen da, eta Euskal Herriko hainbat lurraldetako ordezkariek parte hartuko dute, tokian tokiko egoera azaltzeko: Elena Aguerre (Nafarroa Beherea, aurtengo edizioaren gazama), Iñaki Intxausti (Gipuzkoa, aurtengo edizioaren gazaita), Aritz Ganboa (Nafarroa), Ainhoa Iturbe (Bizkaia) eta Aitzol Hernandez (Araba).

Bihar, 11:00etan izanen da lehen hitzaldia; “Elikaduraren erronka Euskal Herrian”, hain justu. EHNEko arduradun batekin batera, bertan izanen dira Livio Ribolisasco (Biharamunen Lantegia), Andoni Daguerre (baratzezaina) eta Tasio Erkizia (Errigora).

Ondotik, 15:00etan, bi mintzaldi izanen dira. Lehena, “Nola ikasi laborari bilakatzen?”, Pantxika Halsouetek (CDFAA), Helene Rollandek (laboraria), Iñaki Berhocoirigoinek (laboraria), Jean Leon Larroquek (Trebatu) eta Iñigo Arruabarrenak (Aleko) emanen dute. Bigarrena, “Lurra, laborarien lan tresna”, aldiz, Leire Ibarretxek (Amullibi), Maryse Cachenautek (Lurzaindia), Peio Dufauk (diputatua) eta Quentin Rotonnellik (lur xerka ari den gaztea).

Asteburuko azken hitzaldia egun bereko 17:00etan izanen da, “Laborarien ongi izatea” izenean. Cecile Monaco (Sustengu), Marine Jaunarena (Nafarroa Behereko biharko laboraria), Asier Ordoño Daubagna (Nafarroako laboraria) eta Miguel Arribas (Gipuzkoako laboraria) izanen dira hizlariak.

Hitzaldiez gain, hamaika jarduera egonen dira gaurtik igandera, eta azokara bertaratzen denak ez du aspertzeko tarterik izanen. Erraterako, Herriko Garagarnoa sailaren hastapen ofiziala izanen da gaur, eta bertan osoki Ipar Euskal Herrian eginiko garagarnoa dastatzeko parada izanen da. Igandean Iparraldeko sor-marken eta Euskal Sagardoaren dastaketa izanen da, azken eguna behar bezala iragateko. Gainera, etxaldeko lanak egiten ikasteko aurkezpenak eta tailerrak izanen dira kabalen txokoan, baita haurrentzako tailer pedagogiko andana ere.