GARA
BILBO

UEMAko kide izateko eskaria egitea erabaki dute beste bi udalerrik: Urdiain eta Zeberio

Urdiainek eta Zeberiok UEMAko kide izatea eskatu dute aste honetan. Urte amaierako batzar nagusian aztertuko dituzte eskaerak. Urdiain eta Zeberio gehituta, 120 kide izango ditu UEMAk.

UEMAko batzar nagusia, iaz.
UEMAko batzar nagusia, iaz. (Maialen ANDRES | FOKU)

Osoko bilkurak izan dituzte aste honetan zehar Urdiainek eta Zeberiok, eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko erabakia hartu dute biek. Abenduaren 13an urte amaierako batzar nagusia egingo du udalerri euskaldunak biltzen dituen mankomunitateak, eta, Urdiain eta Zeberio gehituta, 120 udalerri izango ditu. Guztien artean, 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute.

Urdiaingo Udalak asteazkenean izan zuen osoko bilkura, eta udalbatza osatzen duten EH Bilduko bost zinegotziek aho batez onartu zuten UEMAko kide izatea. Nafarroa Garaiko udalerria da Urdiain, Sakana eskualdean dago, Burunda bailaran, eta 642 biztanle ditu.

UEMAk ohar batean atzo jakinarazi zuenez, soziolinguistikoki, euskara indizea (euskaldunak + ia euskaldunak) %80,05 da Nafarroako herrian. Ezagutzaren indize horrek, ordea, nabarmen egiten du behera kaleko erabileraren (%36,4) datuekin alderatuta.

David Oroz Urdiaingo alkatearen hitzetan, gehienbat «kezka horretatik abiatuta» hartu zuten UEMAra batzeko erabakia: «Azkenengo urteetan, duela hogei bat urtetik hona batez ere, kaleko errealitatea guztiz aldatu da Urdiainen. Lehen, euskaraz zekien jende gehienak euskaraz egiten zuen. Azken urteetan, ordea, erabilerak behera egin du, nabarmen, batez ere haurren eta gazteen artean. Ustez eremu euskaldunean bizi eta euskaraz ikasi arren, badira ia euskaraz eroso aritzeko gai ez direnak ere, eta horrek zer pentsatua ematen digu. Egoerari buelta emateko lankidetza guztien beharra izango dugu».

ZEBERIO, 120. UDALA

Ildo horretatik, Zeberiok ostegunean egindako osoko bilkuran onartu zuen UEMAko kide izatea, EH Bilduko bost zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko bi zinegotzien abstentzioarekin. Bizkaiko udalerria da Zeberio. Bizkaiako hego-mendebaldean dago, Arratia-Nerbioi eskualdean, eta iaz 1.081 biztanle zituen. UEMAk azaldu zuenez, euskara indizea %80,2 da Zeberion, baina Zeberion ere ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (%45,82) eta etxeko erabileraren (%33,92) datuak behatuz gero.

Horrenbestez, ezagutza altuko udalerria izan arren, euskararen nagusitasun argirik gabeko udalerria da Zeberio ere. Horregatik, kontzientziazioan eta herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko beharra ikusi dute. Horren jakitun erabaki du Zeberioko Udalak UEMAko kide berria izatea, herritarren ahalduntzean eta erabileran eragiteko.