Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
IT: WELCOME TO DERRY

Beldurraren zirrikituetan barrena

 

Telesaileko istorioa 1960ko hamarkadan girotuta dago eta Pennywise pailazoaren jatorria azaltzen du. Haur batzuen desagerpenek Derry herri txikiaren lasaitasuna etengo dute eta, pixkanaka, gero eta kezkagarriagoak diren ezbeharrak gertatzen hasiko dira.

“IT: Welcome to Derry” telesailak arrazakeriari, indarkeria instituzionalari eta Amerikaren bihotzean eguneroko bizitzaren itzalean ezkutatzen den izuari begirada biziki interesgarria eskaintzen dio. Naturaz gaindiko presentzia beldurgarriez gain, telesailak erakusten du mehatxurik handiena gizakiak eragiten duena dela. Perfektua dirudien baina zerbait ezkutatzen duen herriaren konposizioak bikain funtzionatzen du. Munstroak ez dira estoldetan soilik bizi; izua ez dator Pennywisetik bakarrik, baizik eta komunitatearen ukapenetik eta horrore horri etekina atera nahi dioten agintarietatik; hori da telesailak ikusleari jaurtitzen dion mezua.

Lehen atalek zirrara eragiten dute, izualdi une indartsuak eskaintzen dituzte eta espazioak trebeki aprobetxatzen dira tentsioa sortzeko. Baina hortik aurrera arrasto gazi-gozoa uzten du. Sotiltasun apur bat falta zaio; efektu digital gehiegi erabiltzen dira, eta egitura narratiboan gabeziak nabari dira.

Alderdi batzuetan freskotasuna dario telesailari -oinarri historiko eta sozial sakonak eta mitologiaren hedapena, besteak beste-, baina beste batzuetan hutsuneak agertzen dira -gidoi irregularra, gutxi garatutako zenbait pertsonaia eta erritmo gorabeheratsua-.

Hala ere, osorik hartuta, proposamen oso interesgarri eta erakargarria da. Stephen Kingen unibertsoaren eta beldurraren jarraitzaileek bereziki gozatuko dute.