AA eta euskal nortasuna batuko ditu Loraldiaren Sormen Bekak
Adimen artifiziala eta euskal nortasunaren gaineko gogoeta uztartzen ditu Femias kolektiboaren «Ahotsak AA(r)entzat» proiektuak. Loraldiaren Sormen Digitaleko Bekaren bidez, euskal kulturaren inguruko ikuspegi estereotipatua deseraikitzen saiatuko dira.

Loraldia jaialdiaren Sormen Digitala Bekaren 4. edizioko irabazlea Femias kolektiboaren “Ahotsak AA(r)entzat” proiektua da, adimen artifiziala lanabes modura erabilita euskal nortasunaren eta kulturaren gaineko gogoeta parte hartzailea proposatzen duen egitasmoa.
Jaialditik azaldu zutenez, proiektu honek instalazio interaktibo bat proposatzen du, adimen artifizialeko makina bat protagonista izango duena. «Instalaziora hurbiltzen diren pertsonek elkarrizketa bat izango dute adimen artifizial horrekin, galdera nagusi bat hizpide: zer da euskal nortasuna/euskal kultura?», jarri zuten mahaigainean, eta gaineratu zuten elkarrizketa hauen bidez AAk egunero eguneratuko duela euskal izaeraren inguruan duen ulermena, parte hartzaileen ahotsetatik, esperientzietatik eta kontakizun pertsonaletatik ikasiz.
«Proiektuak makinaren heziketa kolektiboaren prozesu bat proposatzen du, eta aldi berean, euskararen presentzia indartu nahi du adimen artifizialean, aurreiritziak eta giza istorioak interpretatzeko moduak jokoan jarriz», zehaztu zuten. Era berean, instalazioak, hausnarketarako gonbidapena irekitzeaz gain, galdera berriak ere badakartzala adierazi zuten: «Euskalki guztiak ulertzeko gai izango al da? Nola aldatuko ditu bere hasierako ideiak? Kontraesanarekin bizitzen ikasiko al du? Adimen artifizial batek kultura bizidun baten konplexutasuna ulertu edo bizi dezake?».
Instalazioa «joko kreatibo» gisa deskribatu zuten Loralditik, eta bertan Femias kolektiboa, parte hartzaileak eta makina bera elkar-sorkuntzan arituko dira. «Bidean AArekin zer nolako harremanak nahi ditugun irudikatuko dugu, munduan egoteko moduak, ikaskuntzak eta desadostasunak partekatuz», esan zuten iragarpenean.
Loralditik azaldu zutenez, sariketako epaimahaiak proposamenaren «izaera berritzaile, kritiko eta parte hartzailea» baloratu ditu eta euskal kultura garaikidearen eta teknologiaren arteko elkarrizketan «mugarri berri bat» ezartzen duela ere nabarmendu zuten.
Era berean, adierazi zutenez, Sormen Digitala Bekak, aurreko edizioetan bezala, euskarazko sorkuntza digital natiboari bultzada emateko konpromisoari eusten dio, eta “Ahotsak AA(r)entzat” proiektuak «ezin hobeto» islatzen du bekaren espiritua: diziplinak nahastea, ikuspegi berriak eskaintzea eta euskara abangoardiako kultura adierazpenen erdigunean kokatzea.
Beka irabazita, Femias kolektiboak 10.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko, eta emaitza 2027ko Loraldia jaialdian aurkeztuko du.
FEMIAS KOLEKTIBOA
Arteak, teknologiak eta feminismoek bat egiten ote duten aztertu nahi duen kolektiboa da Femias. Loralditik azaldu zutenez, haren eginkizuna «adimen artifizialen eta haien ekosistemaren gaineko begirada kritikoa eraikitzea da, haien mugak eta joerak ulertuz, eta haiek etikoki eta feminismoz birjabetzea ahalbidetuko duten tresnak eta irudimenak sustatuz».
Ikuspegi feminista intersekzionaletik, adimen artifizial generatiboak zeharkatzen dituzten joerak eta estereotipoak ikusarazteko eta desartikulatzeko lan egiten dute, pentsamendu kritikoa eta praktika kontzienteak bultzatzeko.
Loraldiaren Sormen Digitala Bekaren laugarren edizioa da oraingoa. Aurrekoak EHUko irakasle talde baten “Gorputza atzean utzi” proiektuak, Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fabrika taldeen “Hitzaurrea” proiektuak eta #Mauriziakezdauinorhil kolektiboaren “AppaMaurizia” proiektuak irabazi zituzten.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
