ELA eta LAB ez doaz Lakuaren bilerara: «Aurpegia zuritzeko ariketa da»
EAJk eta PSEk, PP eta Voxekin batera, gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekimen legegileari Gasteizko Parlamentuan emaniko ezetzaren ostean, LABek eta ELAk uko egin diote Lakuako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak deitutako bilera errondan parte hartzeari. Confebasken aurka demanda aurkeztuko dutela esan dute, gainera.

ELA eta LAB sindikatuek ez dute Lakuako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak deitutako bilera errondan parte hartuko, datorren astelehenean. Hala jakinarazi zuten atzo bi sindikatuek. Azaldu zutenez, erabaki hori hartu dute EAJk eta PSEk, PP eta Voxekin batera, Gasteizko Legebiltzarrean gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekimen legegilearen (HEL) aurka bozkatu ondoren.
«Legebiltzarraren gehiengoak langileen eta demokraziaren aurka bozkatu du. Denbora laburrean HEL baten aurka egiten duten bigarren aldia da; herritarrek politika publikoetan eragiteko duten tresna blokeatu dute; pentsiodunena lehenik, eta gutxieneko soldatarena ondoren. 138.495 sinadurari ezezkoa eman diote eta patronalaren interesen aldeko erabakia hartu dute», adierazi zuten ohar baten bidez.
Ildo horretan, azpimarratu zuten EAJk eta PSEk «gutxieneko soldata propio baten aldekoak» direla esaten dutela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileek «bertako errealitate sozioekonomikoaren araberako soldatak» behar dituztela. Baina sindikatuen hitzetan, «euren ekintzek kontrakoa erakusten dute: patronalarekin lerratu dira, Confebasken aginduei men eginez. Badakite herri ekimen legegileari atea ixteak gutxieneko soldata propioa lortzeko bi bideak blokeatzen dituela», agertu zuten.
ELKARRIZKETARIK EZ
LAB eta ELAren ustez, Lakuak «ez du benetako elkarrizketan sinesten». «Benetan sinetsiko balu, eztabaidari Legebiltzarrean bide eman eta bakoitzak bere posizioa defendatzeko aukera ziurtatuko luke. Horren ordez, eztabaidari atea itxi diote», salatu zuten.
Horregatik, sindikatu eta patronalekin bilera erronda baten bidez elkarrizketa bultzatzea «aurpegia zuritzeko ariketa» dela iruditzen zaie ELAri eta LABi. «Legebiltzarrean eztabaidari atea itxi diotenek ezin dute orain elkarrizketa irudikatu».
Horregatik, ELA eta LAB ez dira izango «fikzioa irudikatzeko erronda horretan».
«Eztabaidari Confebaskek itxi dio atea lehenik, eta Jaurlaritzak ondoren. Bi aldeei jarrera aldatzeko eskatzen diegu, langileen eskaerak mahai gainean jartzeko borondate politikoa erakusteko. Eta, zehazki, Imanol Pradales lehendakariari eta Mikel Torres lehendakariordeari eskatzen diegu jarrera aldatu eta gutxieneko soldata propioaren defentsa egin dezatela, eta egin diezaiotela interpelazio zuzena patronalari, hark ere posizioa mugi dezan», aldarrikatu zuten bi sindikatu abertzaleek.
Horren ordez, LABek eta ELAk «mobilizazioak indartu» egingo dituztela baieztatu zuten. Bestetik, datorren astean «mahai negoziatzailea eratzeari uko egin izanagatik» Confebasken aurkako demanda aurkeztuko dutela jakinarazi zuten.
ELKARRIZKETARI «BETOA»
Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak deitoratu egin zuen ELA eta LAB sindikatuek bilera sortan ez parte hartzea, eta, bi erakundeei erreferentzia eginez, salatu zuen hau: «Betoaz hitz egiten dutenek beste behin ere praktikatzen dute hura».
Bigarren lehendakariordeak esplikatu zuenez, bilera honen helburua «kezkatzen» dituen eta «kalitatezko enpleguaren sorrerarekin zerikusia duten» hainbat gai aztertzea zen. Jaurlaritzako sailburuak adierazi zuenez, «euskal lan merkatuak hainbat erronkari egin behar die aurre, eta, horretarako, eragile sozialen arteko elkarrizketa eta akordioa ezinbestekoak dira».

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
