Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Gangsterrak

Joshua Oppenheimerren “The Act of Killing” (Hiltzearen ekintza, 2012) dokumentalak 1965 eta 1966 urte bitartean Indonesian ustez komunistak zirenen zein erregimen berriaren aurka zeudenen hilketa masiboan parte hartu zuten horiek ditu protagonista. Zuzendariak hilketa haiek kamera aurrean birsortu eta gertatutakoa azal zezala eskatu zuten, eta horrela egin zuen hark, berez sarraski bat izan zena gangster film batetik ateratako eszena bilduma bat balitz bezala. Baina halaxe ikusten omen zuten euren burua, edo horrela jokatu behar zutela esan zioten euren buruari, beren ekintzen izugarrikeria arrazoitzeko. Ez da harritzekoa, beraz, sarraskiaren ostean hiltzaileetako asko gangster bihurtu izana.

Gertakariak jazo eta ia bost hamarkada geroago, damu zantzurik gabe mintzo dira gehienak kamera aurrean, nahiz eta krimenak birsortzeko unean zalantza egiten duten batzuek. Behin gangsterraren rolean sartuta, ordea, argi ikusten dute dena.

Dokumental izugarria da “The Act of Killing”, eta ez (bakarrik) erakusten duen indarkeriagatik edota hiltzaileek beren ekintzak arrazoitzeko moduagatik; izugarria da, hiltzaileak, 1948tik palestinarrak sarraskitzen ari diren Israelgo kolonoak bezala, bizitzari zentzua emateko gizakiok sortzen eta eraikitzen ditugun fikzioek itsuturiko pertsona arruntak direlako.