EDITORIALA

Jendetza, elkartasunez, justiziaren eta berdintasunaren alde

Euskal Selekzioak berriro ere erakutsi du lehiakorra dela, ez soilik futbolean. Ofiziala izan gabe eta FIFA datetan jokatuta, Espainiako eta Frantziako selekzioek deitzen dituzten euskal jokalariek ez diete talde horiei ezetz esaten -legez zaila da, eta ez da erraza goi mailako jokalari bat Rosa Parksen jarraitzaile izatea-.

Hala ere, zelaian Euskal Selekzioak maila ona eman zuen. Hainbeste euskal profesional eta hain kalitate handikoak egotea ez da kasualitatea. Ikurrinaren alde jokatzera deitzen dituztenean, dena ematen dute eta, bajekin ere, talde ona da. Aukera berdintasunean, potentzia txiki bat litzateke. Horregatik diote beldurra.

Atzoko partida hunkigarria izan zen: indarra eta batasuna, harmailetan «Palestina askatu» oihukatzen zen bitartean. Genozidio baten erdian, emaitza bigarren mailakoa da.

Zaleak ere lehiatzen dira. Elkartasunean, euskal herritarrak nagusi dira. Zenbakiak ere ikusgarriak dira, gainera. Egun hauetan San Mamesen jokatutako partida baino jende gehiago bildu duen bakarra Wembleyko Ingalaterra-Serbia izan da, 74.000 ikuslerekin. Euskaldunen eta palestinarren arteko partidaren atzetik, Dublinen Irlanda-Portugal norgehiagokak 50.000 pertsona bildu zituen, eta Frantziako selekzioaren eta Ukrainaren artekoak, 47.000 Parisen. Euskal Herriak hiru milioi biztanle besterik ez dituela oroitu behar da.

Futbol negozioaren erdian, eskertzekoa da atzoko moduko partidak izatea: kausa justuen alde, dirua ez den beste zerbait jokoan dela, harrotasunez jokatzen duten futbolariekin eta zalego sutsuarekin. Euskal Selekzioa ez da ofiziala -oraindik-, baina egiazko nazio baten talde zintzoa da. Ez besteak baino hobea, ez txarragoa. Tira, agian, aukera berdinetan neurtzen uzten ez dioten horiek baino hobea bada.