Jon GARMENDIA
Idazlea

Akuilua

Baiona Ttipian, Errobi ibaiaren ertzean, dago Euskal Museoa, kortsarioen kaian. Dagourette izena du edifizioak, eta komertziante aberats baten enkarguz XVI. mende bukaera eta XVII.aren hastapena batu zituen eraikuntzak; hiriko eraikinik zaharrenetarikoa da, historikoa bezain ederra. Moja salestarren komentua, abandonatutako haurren bizitokia zein ospitalea izan zen urte luzeetan, baina 1924tik aitzina Euskal Museoa bilakatu zen. Milaka pieza desberdinekin, balio etnografiko izugarria duen bilduma osatu dute bertan. Eta aurtengo urritik goiti han dago ikusgai “Linguae vasconum primitiae” Bernat Etxeparek idatzitako liburua, euskaraz inprimatutako lehen testigantza. Han izango da urtarrilaren 11 bitarte. Merezi du bisitak, 28 orrialdeko altxor hau aurrez aurre ikusteko aukerak, barneko sentimenduak pizteko edo inarrosteko akuilu gisa, diglosien garaiotan halako sorkuntza historiko batek euskaldunari zimiko egiten dion sinesmenez. Hartarako ekarri dut gonbita hona. Orriz orri ikusteko parada eskaintzen du gaur egungo teknologiak bestalde, eta Kontrapas eta Sautrela poemak kantu desberdinetan ezagutzen banituen ere, ez nekiena da musikara eramana izan zela Etxepareren liburua Koldo Azkona eta Danserie Ensembleren eskutik, epokako musikarekin gainera, moko txirulak, lautea, klabikordioa… tresna errenazentistak, oharkabean aspaldiko garaietara eraman nautenak. Eta atzera begira aurrera begiratzeko desira piztu dit esperientziak. Ea zuei zer.