Ertzainek ea «protokoloaren barnean jokatu zuten» argitzeko eskakizuna
Ertzaintzak foam pilota batekin begian jo eta 21 hilabetera deklaratu zuen, atzo, Xuhar Pazosek, hemezortzi urte bete berri. Epaiketa publiko bat egiteko eskaera egin zuten, herritar eta komunikabideen aurrean, eta bere abokatu Aiert Larrartek nabarmendu zuen eztabaidatu beharrekoa dela ea Ertzaintzak istiluen aurkako materiala behar bezala erabili zuen.

Larriki zauritu zuen ertzain batek foam jaurtigai batez Xuhar Pazos gaztea, begian jo eta begi horretatik itsu utzi baitzuen 2024ko Tolosako inauterietan. 21 hilabete geroago, atzo goizean deklaratu zuen Tolosako Lehen Instrukzio Epaitegian, kausa artxibatu eta gaztearen abokatuak helegitea jarri ostean, Gipuzkoako Auzitegiak auzia irekitzera behartu eta gero. 2024ko urrian, auzia artxibatu zutenean gaztea deklaratzeko prest agertu zen, baina epaileak ezezkoa eman zion, «gazte bati epailearen aurrean jartzeak kaltea eragin» ahal ziolako.
Xuhar Herri Plataformak epaitegien aurrean egin zuen elkarretaratzea; «Egia, aitortza, justizia, #badagaraiagauzakaldatzeko» zioen pankartaren atzean bildu ziren senide eta lagunak; Amaia Zabarte ere hurbildu zen elkarretaratzera babesa ematera.
«Hemen eztabaidatu behar dena da, ea Poliziak istiluen aurkako materiala erabili zuenean behar bezala erabili ote zuen, legea betez erabili ote zuen, behar zen distantzian bota ote zuen, behar zen altueran bota ote zuen; hori da eztabaidatu behar dena», adierazi zuen deklaratzetik atera berritan Pazosen abokatu Aiert Larrartek. Beste irudi batzuk erantsiko dituztela esan zuen, izan ere, haietan poliziak pilota nola jaurtitzen duen ikusten omen da: «Uste dugu ez duela altuera egokian botatzen». Aurreratu zuen beraien asmoa epaiketa publiko batean eztabaidatu ahal izatea dela, «herritarren eta prentsaren aurrean».
Hogei minutu inguru iraun zuen deklarazioak, eta Xuhar Pazosek berak ikusitakoa kontatu zion epaileari, baita zein ondorio izan dituen handik aurrera ere.
Larrartek kontatu zuen epailearen jarrera «ona» izan zela -ez zen auzia artxibatu zuen epaile bera izan- eta ertzainen abokatuen galderak moztu behar izan zituela. «Gogorarazi die Xuhar biktima dela, eta hemen ez dela Xuharren eginbidea eta ekintza epaitzen eta aztertzen ari, ertzainen ekinbidea eta jarduna daudela aztergai baizik», gehitu zuen.
Irudi berriak daudela eta lekuko berri batzuek deklaratu beharko luketela ere esan zioten epaileari, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Polizia ereduaren inguruan eztabaida politiko bat egin beharra azpimarratu zuen Larrartek, baina beraiek eztabaida juridikoan zentratuko direla nabarmendu zuen: «Eta eztabaida hau oso argia da: ea utziko diguten Ertzaintzarena ez den beste bertsio bat defendatzen epaiketa batean».
ARDURAK HARTZEKO ESKAERA
Herri plataformaren izenean, Jon Pazosek hitz egin zuen, eta semearen osasunaren berri eman zuen: «Gaurko egunean ez du deus ikusten zauritutako begitik, itzal lauso batzuk ditu, parez pareko ikusmena printzipioz ez du inoiz berreskuratuko. 21 hilabete hauetan bere bizitza ahalik eta normaltasun guztiarekin egiteko ahalegina egin du, baina asko mugatu diote, murru bat ezarri diote».
Batez ere «ardura hartzeko» eskatu zion Ertzaintzari: «Ertzain bat epaitu behar bada, epaitu beharko da, beste pertsona bat epaitzen den bezala, gaizki egiten duzunean, onartu egin behar da pertsona horrek gaizki jokatu duela eta ardurak hartu behar dira». Azaldu zuen nabarmena dela biktimak egon badaudela eta horiei aitortza eta justizia egin behar zaiela. «Ikusten dugu momentuz ez dutela inongo intentziorik ardurarik hartzeko», adierazi zuen apur bat etsita. Foam jaurtigaiak gerritik behera soilik bota daitezkeela gogorarazi zuen, eta Amaia Zabarteren eta beste zenbait kasutan dauden irudietan ertzainek ez dutela horrela jokatzen gaineratu zuen.
BERRIKUSPENA
Pazosek deklaratu zuen egunean bertan aurkeztu zuen Juan Luis Ibarra magistratu ohia buru duen batzordeak 2023-2024 aldiko jardueren memoria. Bertan jasotzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak armamentuaren, munizioaren eta istiluen aurkako beste elementu batzuen erabilerari buruzko instrukzioa berrikustea gomendatu zuela, 2024ko otsailean Tolosako inauterietan izandako istiluen ostean.
Batzordearen ustez, Oriako ertzain etxeko aginte eta kontrol zentroak «aldez aurreko aginduak eman behar zituen jaurtigai mota guztiak erabiltzeko jarraibideei buruz», eta zehaztu behar zuen ea SRak (kaltegarritasun txikiagokoak) erabili behar ziren edo SRXak, kaltegarrienak. Artikulu bat aldatzea ere gomendatu zuen, jaurtigai mota desberdinen erabileran «sekuentziari buruzko jarraibideak» sartzeko.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
