«Zazpikiak bat», kalean da Geuretik Sortuak egitasmoaren komiki bilduma
«Zazpikiak bat» komiki bilduma eman du argitara Udalbiltzak, Geuretik Sortuak proiektuaren barruan ondua. Zazpi kontakizun, zazpi begirada. Herrietan marrazkilariek egindako egonaldien emaitza da lana. Bertako istorioak entzun, ikusi eta bildu dituzte, sortzailearen eta herriaren arteko zubi lanean. Hala nola, gastronomia, bakardadea, estraperloari lotutako gertaerak eta 65 urtetik gorako emakumeen bizipenak dituzte ardatz kontakizunek.

Batetik, hizkuntzaren aferari ekarpen garrantzitsua egiteko anbizioz hasi zen “Zazpikiak bat” proiektua. «Sortzen ziren lanak euskarazkoak izanik, hizkuntza zabaltzeko eta Euskal Herriari eredu propio bat eskaintzeko parada zoragarria da», adierazi zuen Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdik. «Bestetik, bere istorioa kontatzen ez duen herria ez da existitzen eta momentu honetan herri historia kontatzeko tresna eta makineria artistikoa ez da gustatuko litzaigukeen bezain indartsua. Orain, inoiz baino gehiago, memoria gordeko duen historia eraiki behar dugu. Emozionatuko gaituzten istorioak, errealitatearen eta imajinario askotariko eta aberatsen adierazle izango direnak. Herri eta norbanako bezala, gure bizi eta bizipoza kontatuko dizkigutenak eta betiere euskaratik», gehitu zuen.
«Zazpikiak: zazpi lurralde, zazpi anai-arreba izan daitezkeenak, edo zazpi hilabeterekin, behar baino lehen, jaio diren ernamuinak edo istorio laburrak dira hauek; etorkizunean, agian, garatu eta beste zerbait bilakatuko direnak», zioen Maria Osesek, Udalbiltzako kultura teknikariak.
Mutrikuko gastronomia landu du Asier Iturralde “Gastonek” historiatik gure sukaldeetara datorren saiakera grafikoan. Opari bezala hartu du egonaldia. Ondorengo hausnarketa du oinarritzat bere atalak: «Mundu osoan daude istiluak kanpotarren eta bertakoen artean. Zer da kanpotarra eta zer da bertakoa? Bertakotzat jotzen ditugun gauza gehienak ez dira bertakoak. Elikagai asko badirudi naturan daudela, baina ez da hala. Etorri egin dira edo ekarri egin dituzte. Jaki horiek nola moldatu dute herriaren izaera, arkitektura? Eta nola heldu dira orainaldira?». Patrizia Etxegarai “Hankabakok” Ziortza-Bolibarreko etxea uzteari buruzko istorioa sortu du, 40 urtetik gorako emakume baten ahotsetik kontatua.
Bakardadeak lotu ditu Usue Egiaren komikiaren bi protagonistak ere, herrietako genero disidentzien bizipenak hizpide. «Bi txori dira, bata nagusia eta senarra galdu duena eta bestea sexu bizipenak kontatzen dituena. Paseo batean euren emozio eta sentimenduak partekatzen dituzte». Ataun eta Etxarri-Aranatz artean aritu da Eñaut Aiartzaguena. Bi herrien arteko gai komunen bila 1936ko Gerraren ostean kokatu du istorioa eta estraperloari jarri dio fokua bere komikian.
Lekunberri, Larraun, Araitz eta Betelun aritu da Uxue Bereziartua lanean. Neskato “onak” hartu ditu gaitzat: «65 urtetik gorako emakumeen bizipenak erregistratzea zen nire asmoa. Erronka izan zen istorio denak 20 orritan biltzea»
Eneritz Ibarrak Atharratzen sortu du bere lana, herrian agertutako mezu misteriotsu batzuetatik abiatuta. Eta Amane Apalategik Hernanin ondu du bere zatia, euskararekiko harremanei buruzkoa. Marrazkilariak pozarren agertu ziren Udalbiltza emandako aukerarekin. «Batetik, eskuragarria da hasiberriontzat. Bestetik, ohituta gaude kultur sorkuntza behin sortuta dagoenean ordaintzera eta kontsumitzera eta beka honek ahalbidetzen du sorkuntza bera babestea. Inportantea da eta ez dugu era honetako beste bekarik ezagutzen», zioen Aiartzaguenak.
Azaroaren 21ean eta 22an, Hernanikomik azokan egongo da argitalpena salgai, eta 21ean komikigileak izango dira lana aurkezten. Durangoko Azokan ere izango da eskuragarri “Zazpikiak bat” eta abenduaren 5ean 18.00etan Durangoko Museoan Geuretik Sortuak-en hirugarren edizioaren aurkezpen osatua egingo da, hainbat sortzaile eta herrietako ordezkarirekin batera.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
