Astean zehar etxean, ACB Ligako euskal derbian zauriak garbi eduki ahal izateko
Bilbao Basketek 2007/08 denboraldian baino ez zuen lortu Gasteizen irabaztea eta, beraz, gasteiztarrak faborito garbiak dira iganderako. Bilbotarrek ez dute ACB Ligan etxetik kanpo irabazi eta Baskoniak etxean jokatu ditu orain arteko minuturik onenak.

ACB Ligako 2025/26 denboraldiko Fase Erregularreko lehenengo laurdena ia osatu da. Oraindik dena dago erabakitzeko, baina era berean, etxeko lanak orain egin behar dira azken orduan presaka ez aritzeko. Saski Baskoniak eta Surne Bilbao Basketek indarrak neurtuko dituzte Buesa Arenan hilaren 23an 12.30etik aurrera laurden honi amaiera emateko. Nahiko goiz iristen den derbia da honakoa eta gasteiztarrak faborito argiak badira ere, ACB Ligako Top 8ra begirako neurketa izango da, batez ere aurreneko itzulian erabakitzen delako Kopan zeintzuek jokatuko duten.
Uneotan talde biek 3-4ko balantzea dute eta biak daude lehiaketa honetako zortzi aurrenekoetatik kanpora, nahiz eta uneotan zortzigarren postuan dagoen Kanaria Handiarekin berdinduta dauden -baita hamabosgarren postuan dagoen Andorrarekin ere-. Bilbotarrak ligako hamargarren postuan daude, gasteiztarrak hamabigarren diren bitartean, sartutako eta jasotako puntuen alde orokorrak neurtzen duenaren arabera.
Ondorioz, etorkizun hurbilean posizioa hartu behar horrek dirudiena baino garrantzi handiagoa ematen dio igandeko derbiari, are gehiago talde biek hain nabarmen erakutsi dituzten ahultasunak aintzat hartuta.
GARAIPEN BAKARRA
Txus Vidorreta, Marcelinho Huertas eta Marko Banicen garaitik ez daki Bilbao Basketek Gasteizen irabaztea zer den; hau da, 2007ko abenduaren 2tik. Duela 18 urteko 78-80 hura izan da beltzezko gizonen garaipen bakarra Buesa Arenan.
Baina ez pentsa bizkaitarrek etxean askoz balantze hobea dutenik. Ez da ahaztu behar Bilbao Basket honek ACB Ligan jokatu zuen aurreneko partida, 2004/2005 denboraldian, 57-104 galdu zuela Dusko Ivanovicen Tau Baskonia handi haren aurka. Orotara, elkarren aurka 44 bider neurtu ostean, gasteiztarren oso aldekoa da buruz burukoa: 35-9.
Izan ere, arabarren eta bizkaitarren arteko azken hamar derbietan Bilbao Basketek garaipen bakarra erdietsi du: 82-80, 2024ko martxoaren 24an, Kristian Kullamaek azken segundoan saskiratutako hiruko bati esker. Egia da pasa den denboraldian 67-69 eta 100-97 baino ez zela nagusitu Saski Baskonia bilbotarren aurkako derbietan, baina azken hamar partidetan, batez beste, 12,6 puntuko aldeaz irabazi du, eta azken hiru partidak lagata, arabarren aldeko diferentzia 17,6 puntukoa izango litzateke.
ETXEAN OTSO, KANPOAN USO
Kontuan izan behar da Bilbao Basketek denboraldi honetan oraindik ez duela ACB Ligako partida bakar bat irabazi etxetik kanpo. Egia da FIBA Europe Cupen lortu duela Miribillatik at irabaztea, Brno, Kutaisi eta Peristeriren aurka.
Ez da lotsatzekoa Unicaja, Joventut, Manresa edo Real Madrilen aurka galtzea, are gehiago kontuan hartuz gero Bilbao Basketek azken bi denboraldietan orotara (!) bost partida baino ez dituela eraman. Egia da, halaber, Manresan gertu egon zela garaipena lortzetik -79-77 galdu zuen- eta igandean, nahiz eta azkenean Real Madril 82-70 nagusitu, azken laurdenera arte, eta Darrun Hilliard gabe jokatuta -maskara beharko omen du igandean, sudurra hautsita baitu-, partida irabazteko borrokan murgilduta izan zela.
«Manresa, Peristeri eta Real Madrilen aurka ikusi da etxetik kanpo ere bide onean urratsak egiten ari garela, baina oraindik zertxobait falta zaigu», azaldu zuen Ponsarnau entrenatzaileak Real Madrilen aurkako partidaren ostean.
Saski Baskoniak berak ere nahiago du etxeko goxotasuna. ACB Ligako eta Euroligako partida guztiak aintzat hartuta, irabazi dituen sei neurketetatik bost etxean atera ditu eta Buesa Arenatik kanpo Granadan, ACB Ligako azken sailkatuaren etxean, besterik ez.
Egia da, bestalde, ACB Ligan orain arte bi neurketa baino ez dituela jokatu etxean: Real Madril eta Teneriferen aurka, eta bietan atzetik aurrera eginda garaipena erdietsi du. Hain zuzen, neurketa horietan jokatu ditu Paolo Galbiatiren taldeak bere minuturik onenak.
Gasteiztarren kezkarik handiena egutegiak ez diela arnasarik emango izango da. Ostiralean 20.30ean hasiko da Bayernen aurkako dema eta igandean 12.30ean, 40 ordura, euskal derbia. Egia da, nolanahi, Bilbao Basketek FIBA Europe Cupeko partida jokatu behar duela ere, baina gaur 20.00etan Kutaisi talde ahula izango du aurrez aurre. Beraz, astia izango du Jaume Ponsarnauren taldeak igandeko derbia behar bezala prestatzeko eta, era berean, kanpoan erakusten duen ahultasuna nola ezabatu lantzeko.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
