Aitaren galeraren dolua, haren benetako nortasunaren bila
Bilaketa baten emaitza da Hedoi Etxarteren lehen nobela. Aitaren heriotzaren ondoren, hura benetan nor izan zen jakin nahiak bultzatu du idaztera. 70eko borroka politikoaren protagonisten testigantzak eta lehen pertsonan idatzitako dolua uztartu ditu.

Aitaren -Aitor Etxarte Berezibar- heriotzaren osteko doluan haren benetako nortasunaren bila aritu da Hedoi Etxarte bere lehen nobelan.
Txandaka harilkatutako 27 atalez osatu du “Izen baten promesa” liburua. «Atal bakoitietan aitaren heriotzaren doluak ekarritako pentsamenduak dira nagusi, nahiz eta beti ez dauden doluarekin zuzenean lotuta. Atal bikoitietan, Aitorren gaztetako lagunak, militantzia kideak eta maitaleak mintzo dira lehen pertsonan», kontatu zuen atzo Leire Lopez Ziluagak.
Liburua zeharkatzen duen ideia oinordetza da. «Zer jasotzen dugu egun gure familiakoengandik, eta zer jasotzen dugu aurreko belaunaldiengandik eta kideengandik? Bereziki, borroka politikoan aritu diren aurreko belaunaldi eta kideengandik. Eta zer egiten dugun oinordetza horrekin. Alde horretatik, elkarrizketa politiko moduko bat dago hildakoekin liburuan zehar», hausnartu zuen Susako editoreak. «Esango nuke liburu hau modu batean dela gandu artean ikusteko saiakera bat. Ustez, ezagutzen genuen pertsona bat ezagutzeko saiakera bat, ezinezkoa dela jakin arren», gaineratu zuen.
Hedoi Etxartek berak hau esan zuen bere lanaz: «Nobela hau ez da gaurko borrokei buruzko liburu bat eta, tamalez, ez du partekatzen 1919an Clara Zetkinek masa proletarioekiko zuen itxaropena. Baina bada Zetkinek aipatzen dituen arimei buruzko liburu bat, badelako Marxen mamuei buruzko liburu bat; gauaren mamuarena, itxaropenarenarena, angustiarena, bakardadearena, talde baten parte izateko grinaren inguruko liburu bat. Eta liburua oso zehatza da. Liburuan nire ahotsak hitz egiten du doluaz hitz egiteko. Eta nire ahotsa da funtsean aurretik egon zirenen ahotsa: Aitorren ahotsa, amatxi Pilarren ahotsa, aitatxi Emilianoren ahotsa. Da 1936ko gerraren ahotsa, 1934ko iraultzarena. Eta da nik nire ahotsa osatzeko erabiltzen ditudan erraldoien ahotsa. Nik ez dut Jainkoarengan sinisten. Nik ez dut uste liburu batean bakarrik dagoenik egia. Baina uste dut liburuetan dagoela egia. Eta nik liburuetatik eta liburuez hitz egitetik ikasi dut. Eta nobelan hori dago».
Liburua ontzeko bidean lagun izan dituenak ere gogoan izan zituen atzo. «Ezinbestekoa zen Aitorrek gure ama ezagutu aurretik ze itxura zuen jakitea. Eta hala elkartu naiz bere txikitako lagunekin, gaztaroko ikaskideekin, bikotekide eta maitale izan zirenekin, militantziako kideekin... 70eko hamarkadaz, maitasunaz, haiek gerora egin duten bizitzaz, iraultzaz... hitz egin dugu», kontatu zuen.
Liburua barne solasaldia da. «Bizitzei buruzkoa, bizitzaren zentzuari buruzkoa, zuztarreko aldaketen ostean iragana berrirakurtzeko ariketa bat da. Iragana idatzi, berridatzi eta asmatzeari buruzkoa», laburbildu zuen Etxartek.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
