J.S.

TrebezIA, logistika automatizatzeko robot kolaboratiboak

Tecnaliak sortu berri duen start-upak teknologia aurreratuak konbinatzen ditu, tamaina aldakorreko paketeen logistikari soluzio robotikoa emateko.

TrebezIA start-up-a Madrilgo Logistics & Automation azokan aurkeztu zen joan den urrian.
TrebezIA start-up-a Madrilgo Logistics & Automation azokan aurkeztu zen joan den urrian. (TECNALIA)

Zentro logistiko gehienek produktuen %85 automatizazio tradizionalaren bidez kudeatzen dituzte; gainerako produktuen %15, aldiz, eskuz manipulatzen dira, kaxen neurriaren eta pisuaren aldakortasunaren ondorioz. Gaur egun, hala ere, merkatuan ez dago egoera horri helduko dion irtenbiderik, biltegiak aldatuko dituen inbertsio garestirik egin behar izan gabe. Arazo horri irtenbidea emateko, Tecnaliak adimen artifiziala duten robot kolaboratiboak garatu ditu intralogistikaren ingurune konplexuak automatizatzeko.

«Gure soluzioek logistika modu seguruan optimizatzen dute, funtsezko prozesuak arinduz, hala nola eskaerak prestatzeko, kamioiak kargatzeko eta deskargatzeko eta apalak kudeatzeko», azaldu dute proiektuko arduradunek.

Beren robot kolaboratiboek eskaintzen dituzten abantailen artean, mugikortasun prozesuak automatizatzeko eta produktuak manipulatzeko gaitasuna nabarmentzen da. Kasu honetan, aukera ematen du eskaerak automatikoki prestatzeko, nabigazio autonomo eta segurua egiteko, ingurunearen pertzepzio adimenduna izateko, eta teleoperaziorako eta urrutiko monitorizaziorako.

«Biltegiaren beharretara egokitutako interfazea eta pertzepzio aurreratu eta adimen artifizialaren bidez logistika optimizatzen duen gaitasuna eskaintzen ditugu», diote, eta, era berean, honako abantailak nabarmentzen dituzte: «Gure soluzioek datuak denbora errealean biltzea ahalbidetzen dute, paketeen banaketa eta layout-a etengabe hobetzeko, eraginkortasun operatiboa handituz eta eskuzko lanarekiko mendekotasuna murriztuz».

Start-upak hainbat sektoreren automatizazio beharrak asetzen ditu, hala nola healthcare-a, zeinarentzat sendagaien eta horien horniduren mugikortasuna eta manipulazioa automatizatzen dituen, eta horrek logistika zentroen eta biltegien barne operatiba errazten du.

Sektore horrekin batera, TrebezIAk retail, e-commerce, elikadura eta industriara bideratzen ditu bere zerbitzuak. «Industriaren kasuan, fabriketako materialen eta produktuen fluxuak optimizatzen ditugu, logistikaren produktibitatea hobetuz eta funtsezko prozesuetan denborak murriztuz», nabarmendu dute start-upetik.

TrebezIA Tecnaliaren malgutasun industrialera zuzendutako 15 urtetik gorako robotikako ikerketaren emaitza da, baita enpresa logistikoek biltegietan erreferentzia anitzeko eskaerak prestatzeko gai den robot bat izateko duten beharrarena ere.

Gaur egun Donostian du egoitza, Euskadiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Aurtengo negozio plana sektoreko enpresekin egindako egungo prototipoa baliozkotzean zentratzen da, 2026an robot horiek Europako merkatuan merkaturatzen hasteko, etorkizunean beste kontinente batzuetara jauzi egiteko erronkarekin.

TrebezIAk Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, SPRI Taldearen eta Euskadiko Arrisku Kapitalaren Sozietate Kudeatzailearen Basque Tek Ventures ekimenaren bidez. Basque Tek Ventures oinarri teknologikoko enpresa berriak (deeptech) sortzen lagundu eta inbertitzera bideratutako ekimen berria da.

Tecnalia espainiar Estatuko ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentrorik handiena da, Europan erreferente eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide. Jarduera-eremu nagusiak hauek dira: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun iraunkorra, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.