«Frankismoaren oinordekoak gure herriaren aurkako mehatxua dira»
Azaroaren 19an, hil zituzten egun bezperan, Santi Brouard eta Josu Muguruza izan zituen gogoan Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak Estatu espainoleko Diputatuen Kongresuan. Gaur egingo den manifestazio nazionalaz, egungo une historikoaz eta Madrilgo testuinguru politikoaz jardun zuen atzo Aizpuruak, NAIZ Irratiko «Informazioaren Haria»-n.

Azaroaren 20a igaro berri dugu. Nolako giroa sumatu duzue Madrilen aste honetan?
Aste hauek beti berezi samarrak izaten dira. Giroa ez da gehiegi aldatu joan den astean bizi zenetik, baina egia da data horretan beti gogoratzen ditugula hainbat gauza. Beti esaten dugu Franco hil zela baina frankismoa ez, eta oraindik bizirik dirau gure artean. Ikusi besterik ez dago faxistek nola hartzen dituzten kaleak. Ez bakarrik kalean, egituretan ere 1978ko erregimena bere horretan dago, hausturarik ez zen izan bere garaian eta oraindik pairatzen ditugu horren ondorioak. Frankismoaren oinordekoak gure herriaren aurkako mehatxua dira orain, autogobernuaren aurka, hizkuntzaren aurka, gure kulturaren aurka. Kalean ikusten ditugu probokazioetan eta, horren aurrean, guk uste dugu zirrikiturik ere ez dela utzi behar, aurre egin behar zaiela, eta horregatik da hain garrantzitsua gaur Bilbon egingo den manifestazioa.
Data hau Josu Muguruza eta Santi Brouard hil zituztelako ere gogoratzen dugu; 36 urte eta 41 urte betetzen dira. Larunbateko mobilizazioan go- goan izango ditugu Brouard, Muguruza eta frankismoaren biktima guztiak; azken fusilatuen senitartekoak ere bertan izango dira. Data garrantzitsua da, herri antifaxista garelako.
Azaroaren 19an gogoan izan zenituen Santi Brouard eta Josu Muguruza Kongresuan. Azken hau diputatu kargua hartu berritan hil zuten. Izan da inoiz honekiko keinurik?
Inoiz ez. Behin baino gehiagotan planteatu dugu Gobernuarekin beharrezkoa dela errekonozimendu bat. Josu Muguruza bere diputatu akta hartu eta handik ordu batzuetara hila izan zen. Kuriosoa da, errekonozimendu asko egiten direlako Kongresuan. Askotan, diputatu izandako norbait hiltzen denean isilune bat gordetzen dugu plenoaren hasieran, baina Josu Muguruzarena oraindik egiteke dagoen zerbait da.
Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren memoria gogora ekarri zenuenean, nola erreakzionatu zuten eskuineko hautetsiek?
Horrelako gai bat ateratzen dugun bakoitzean, asaldatu egiten dira eta egia da mikrofonoek ez dutela jasotzen egoten den giro katramilatsu hori. Beti daude batzuk irainak botatzen; betikoa. Baina ez da bakarrik Josu Muguruza edo Santi Brouard aipatzen ditugunean, herri honi dagozkion gauza garrantzitsuak aipatzen ditugunean gertatzen den zerbait da; orduan bai, asaldatu egiten dira. Ez dugu normaltasunez hartzen, eta ez dugu hartu nahi, baina egia da pixka bat ohitu garela egoera arraro horretara.
“50 urte geroago, Koroa demokraziarako bidean” hitzaldia izan zen Kongresuan. Nola ikusten duzu hori?
Monarkia goratzera datoz. Guk planto egin diogu; esan genuen ez ginela joango. Askotan mantendu dugun jarrera bera mantentzen dugu. Uste dugu monarkia erabat egitura anakronikoa dela, iragana zuritu nahi dutela. Iragana zuritu bakarrik ez, baita oraina legitimatu ere. Monarkia ez zuen herriak hautatu, Francok berak hautatutako irtenbidea zen, Francok berak izendatu zuen Juan Carlos Borboikoa.
Ez da egitura demokratikoa, beraz. Espainiaren batasuna mantentzeko eta defendatzeko sortu zen eta horrela mantentzen da. Ikusi genuen Kataluniako auziarekin ere nolako jarrera hartu zuen erregeak. Gure erabakitzeko eskubidea ukatu egiten du. Laburbilduz, frankismoaren herentzia bat da. Guk errepublika askeak nahi ditugu gure herriarentzat.
Errepublikaren inguruko benetako eztabaidarik badago Kongresuan?
Nik uste dut beti albo batera uzten dela, ez dutela meloia ireki nahi. Behin eta berriro planteatu dugu eta hori da hemendik aurrera egingo duguna. Beraientzat erraza da esatea [Espainia] estatu plurinazionala dela, hizkuntza aniztasuna defendatzen dutela, baina hori ekintzekin egin behar da. Aurrerapausoak ematea kosta egiten zaie. Dena dela, nik uste dut gaur egun dagoen errealitatea mantenduko dela, ikusten ari direlako PSOEn ez dagoela besterik, baldin eta gobernuan jarraitu nahi badute. Beharrezkoa da herrien benetako errekonozimendua. Denbora pixka bat gehiago beharko dugu, baina uste dut azkenean lortuko dugula. Ez dagoelako beste biderik.
Junts-ek iragarri du gobernuaren lege proposamen guztiei zuzenketak egingo dizkiela. Bideragarria al da Espainiako Gobernuarentzat horrela jarraitzea?
Halako egoera ezegonkorrean gabiltza legegintzaldiaren hasieratik; arrastaka baldin bada ere, ateratzen ari dira legeak. Aste honetan bertan alboko esklerosi amiotrofikoaren legea aurrera atera dugu. Aurrekontuak aurrera aterako balira, uste dut egonkortasun maila bat lortuko lukeela gobernuak eta nolabaiteko bermea edo lasaitasuna emango liokeela. Gu saiatuko gara Euskal Herrirako partida ekonomikoak eta beharrezkoak ditugun hainbat gai ere mahai gainean jartzen.
Hauteskundeetara deitzeko eskaera egin zuen Alberto Nuñez Feijook, Estatuko Fiskal Nagusiaren gaitasungabetzearen ostean. Ausazkoa izan zen zigor hori azaroaren 20an jakinaraztea?
Ez. 50 urte bete dira Franco hil zenetik eta uste dut ez zela kasualitatea izan atzo bertan jakinaraztea epai hori, oraindik sententzia idazteko dagoenean. Edozein kasutan EH Bildu ez dago hemen fiskal nagusiaren errugabetasuna defendatzeko edo ezeztatzeko. Ez da gure eginkizuna, baina uste dut euskaldunoi ez digula harridurarik sortu. Herri honetan asko sufritu dugu horrelako epaiekin, badakigu zer dagoen horren atzean eta ahaztu behar ez duguna da zer testuingurutan eman den sententzia. Aznarren hitz haiek oso esanguratsuak izan ziren; «hitz egin dezakeenak hitz egin dezala, egin dezakeenak egin dezala eta mugitu daitekeena mugitu dadila», eta hori gertatzen ari da estamentu desberdinetatik.
Santos Cerdan espetxeratzea ere operazio jakin baten barruan kokatu dute batzuek. Nola ikusten duzue hori?
UCOren txostenak dira eta frogatu egin behar da. Herri honetan uste dut urteen poderioz nolabaiteko gaitasuna garatu dugula zalantzan jartzeko hainbat gauza. Inork ez du pentsatzen UCOk gaur egun ustelkeriaren kontra lan egiten duenik; beste interes batzuk ditu.
Espainiako Kongresuan dagoena bezalako testuinguru batean lan egiteak frustrazioa eragiten du?
Pentsa daitekeen zerbait da, baina ez. Egiten dugun lanarekin aurrerapauso asko ematen ari gara eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ere ematen digu. Gehiago egin behar dugu, noski, baina asko da lortu duguna ere.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
