ILARGI AVILA
IRUÑEA

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala inoizko jendetsuena izango da

2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala inoizko entzunena izatea espero dute antolatzaileek. 2.500 ikusle izango dira Nafarroa Arenan 47. edizioko azkeneko saioan, lurraldean bertsolaritzak bizi duen goraldia dela eta. Belaunaldiartekotasunari eta generoari dagokionez, zortzikoteak finalisten taldea berritu eta gaztetuko du. Zaldiko Maldiko elkartea arduratuko da aurtengo irabazleari txapela emateaz.

2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten bertsolari finalistak.
2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten bertsolari finalistak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Azaroaren 29an izango da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. 47. edizioko azken saio hori inoizko jendetsuena izatea espero dute; izan ere, 2.500 ikusle egongo dira bertan. «Bidea emankorra izan da eta berretsita geratu da Nafarroako bertsolaritza une gozoan dagoela», jakinarazi zuen Nerea Bruñok, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak, prentsaurrekoan.

Hurrengo larunbatean izango da finala eta Joanes Illarregi, Julio Soto, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Sarai Robles eta Eki Mateorena arituko dira bertsotan Nafarroa Arenan. Antolatzaileek azpimarratu zutenez, zortzikote honek argazki berri bat ekarriko du belaunaldiartekotasunari eta generoari dagokienez. Txapelketan hiru emakume arituko dira eta parte-hartzaileen artean bertsolari gazteak izango dira.

Jarraian Bruñok adierazi zuenez, Zaldiko Maldiko elkarteak emango dio txapela aurtengo irabazleari. Une horretarako elkarte hau hautatu dute euskal kulturan bete duen papera aitortzearren, 1981ean sortu zenetik euskaldunentzat arnasgune izan delako eta bertsolaritzarekin harreman estua izan duelako.

FINALISTEN GOGOETAK

Xabat Illarregik azkeneko hiru txapelketetan parte hartu du eta hiruretan finalista izan da. «Uste dut txapelketa bakoitza diferentea dela denontzat eta kasu honetan niretzat ere bai. Nik behintzat txapelketetatik ikasten joateko aukera izan dut», adierazi zuen leitzarrak.

Sarai Roblesek bigarren finala izango du. «Orain dela bi urte oso pozik nengoen sailkatu izanagatik eta aurten ere oso pozik nago, baina finalera modu kontzienteagoan joateko asmoa dut. Duela bi urte uste dut ez nuela neurtu zer den final bat, zer suposatzen duen. Aurten kontzienteago kantatu nahiko nuke, unea bizi eta ahal bezain ongi aritu», azaldu zuen.

Julio Soto sei aldiz izan da txapelduna. Pozik agertu zen gero eta gazteagoa den finalista talde honen parte izateagatik. «Oso pozgarri zait bertsolari bezala eta bertsozale bezala; uste dut finaleko argazkia eder-ederra geratu dela», aitortu zuen bertsolariak.

Joanes Illarregi laugarren aldiz izango da finalean eta txapelketak norberaren ahalmenak erakusteko aukera gisa ikusten dituela esan zuen. «Gustatuko litzaidake final honetan gai izatea erakusteko aurreko txapelketetatik zein izan den nik egin dudan ibilbibidea. Txapelketak bertsolari baten ibilbidean askotan mugarri eta erakusleiho izaten dira», jakinarazi zuen.

Eneko Lazkoz, 2010etik finalista, pozik agertu zen final honetan egoteagatik: «Zorionez, finala urtetik urtera aldatzen ari da eta, zorionez, bertan mantentzen naiz. Denok nahi dugu finala berritu eta gaztetzea, baina guk hemen jarraitu nahi dugu».

Ekhiñe Zapiainek aurtengoa lehen finala du. «Kontent nago eta izugarrizko ilusioa egiten dit hemen egoteak. Beldur pixka bat ematen zidan finalaren dimentsio handi horrek», aitortu zuen.

Saioa Alkaizak azken-aurreko txapelketan eraman zuen txapela. «Pertsonalki, iruditzen zait garapen handia izan dudala. Sentitzen dut hasierako saioren batean hori ez dudala erabat adierazi, eta, beraz, finalera hori erakustera joan nahi dut», esan zuen.

Eki Mateorena txapelketan parte hartuko duen bertsolari gazteena da eta aurten sailkatu da finalerako lehen aldiz. «Uste dut txapelketako finalerako sailkatzea poz handia dela. Ilusio handiarekin hartzen dut final honetan kantatzeko aukera», adierazi zuen.