GARA
DONOSTIA

«Gipuzkoa begiragarria», lau begirada gaur egungo «Ipuscua»-ri Artegunean

Maria Azkarate, Peter Bialobrzeski, Dragana Jurišić eta Lobo Altuna argazkilariek Pascual Marin donostiar argazkilari aski ezagunaren «Gipuzkoa begiragarria» (1932) liburua abiapuntutzat hartu eta, gaur egungo eta beraien begirada pertsonaletik abiatuta, Gipuzkoaren erretratua ekarri dute Artegunera. «Gipuzkoa begiragarria» izenez, 2026ko martxora arte egongo da ikusgai Tabakalerako espazio honetan.

Bisitari bat, Tabakalerako Artegunea aretoko erakusketan.
Bisitari bat, Tabakalerako Artegunea aretoko erakusketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Ipuscua” hitza 1025ean aipatu zen lehen aldiz dokumentu batean eta, lehen aipamenaren milagarren urteurrena dela eta, Gipuzkoako Aldundiak sustatutako ekitaldiekin lotuta, “Gipuzkoa begiragarria” erakusketa antolatu du Kutxa Fundazioak. Erakusketa kolektiboa da: lau argazkilarik ikuspegi kritiko eta garaikide batetik begiratzen diote gizarteari, ospatzen den data horretatik mila urtera. Jada zabaldu dute erakusketa eta 2026ko martxoaren 1era arte egongo da ikusgai Kutxa Fundazioaren Donostiako Artegunea aretoan, Tabakaleran.

Erakusketaren izenburuak erreferentzia egiten dio 1932an Pascual Marinen argazkiak bilduta argitaratutako “Gipuzkoa begiragarria” (“Lo admirable de Guipúzcoa”) liburuari. Argazkilari horren funtsa Kutxa Fundazioa Fototekaren zaintzapean dago gaur egun, eta haren jatorrizko negatiboen garaiko kopiekin eta irudi positibatuekin batera jarri dira erakusketan ikusgai.

Maria Azkarate, Peter Bialobrzeski, Dragana Jurišić eta Lobo Altuna argazkilariak topofilia fenomenoaz dihardute. Topofiliak -gizatalde bat haren ingurunearekin lotzen duen harreman afektiboa- gizatalde bat ingurune horretan irautera darama, kondizio txarrak izanik ere, edo utzi behar izan zuen lurrarekiko lotura emozionalari eustera. Muga, paisaia, lurraldea eta hango biztanleak dira erakusketaren ardatz eta argazki proiektuaren oinarri.

PASCUAL MARINETIK GAUR EGUNERA

Pascual Marin Ruiz (Tutera, 1893-Donostia, 1959) garrantzi handiko autorea izan zen Gipuzkoako argazkilaritzan, XX. mendearen lehen erdian. 1913an hasi zen lanean “La Crónica de Zaragoza” egunkariko argazkilari gisa eta “Nuevo Mundo” aldizkariaren kolaboratzaile gisa. 1920an, estudioa ireki zuen Garibai kalean, Casa Marín, eta laster bihurtu zen hiriko argazkilaritzaren erreferentzia, Donostiako bizimodu urbanoa, soziala eta kulturala dokumentatzen egindako lanari esker.

Pascualek aktiboki parte hartu zuen bizitza kulturalean, eta Gu elkarte artistikoko kide izan zen 1934tik aurrera, arkitekto, margolari eta idazleekin batera. 36ko Gerraren garaian, bi aldeekin lan egin zuen. Lehenik, hedabide errepublikanoentzako argazkiak ateratzen jardun zen eta, gerora, hedabide frankistentzat aritu zen, hala nola “La Voz de España”, “Unidad” eta “ABC” egunkarientzat. Hala, haren artxiboak zuzeneko fotokazetaritza nahiz propaganda gisa baliatutako irudiak biltzen ditu, eta garai haren konplexutasunaren lekuko da. Artxibo hori Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak erosi zuen, hogeiko hamarkadako Gipuzkoaren memoria bisual modura zuen balioa aintzat hartuta. Gaur egun, Kutxa Fundazioa Fototekan babesturik dago.

Marinen liburutik urrunduta, begirada kritikoagoa eta garaikideagoa proposatzen du erakusketa proiektuak. Hain zuzen ere, Ramon Esparza komisario duen proiektu hau ez da oinarritzen finkatuta dagoen horretan, oraindik eraikitzeko dagoen horretan baizik, eta gizarte orok bere buruari buruz onartzen dituen isilbidezko ezaugarrien hausnarketan. Proiektuak isolamenduaren ideia deuseztatu nahi du, eta egitura dinamiko gisa ulertzen du Gipuzkoa herrialde historikoa.

Erakusketa osatzeko, jarduera programa oparoa antolatu da, barne hartzen dituena, besteak beste, bisita komentatuak igandero (17.30ean euskaraz eta 18.30ean gaztelaniaz) eta bi tailer familientzat. Informazio gehiagorako: https://kutxafundazioa.eus/es/exposiciones-artegunea.