Osasun mentalak sare publikoak behar ditu
Osasun mentala lehen mailako auzi sozial eta politikoa bilakatu da azken urteetan. Aldarte eta nortasun nahasmenduak, gertakari psikotikoak, antsietatea, loarekin arazoak, elikadura nahasteak... Orain gutxira arte isilpean bizi ziren gaitzak izendatu eta kolektibizatu egin dira pixkanaka. Izurria mugarria izan zen, zalantzarik gabe, eta gerora horren inguruko ikerketa, ekimen eta albisteak biderkatu egin dira. Horietan ohartarazten denez, egiturazko krisiak lehertu ahala, ondoez mental eta emozionala areagotzen ari da eta ezinbestekoa da horri aurre egiteko baliabide gehiago jartzea.
Paradigma aldaketa horrek osasun sistema publikoan ere izan du isla. Orain arte periferikotzat jo baldin bada ere, azken urteetan zenbait ekimen abiatu dira horri -ustez- aurre egiteko. Osakidetzari dagokionez, aurreko legegintzaldian “Osasun Mentalerako Estrategia 2023-2028” jarri zen martxan eta, oraingoan, Alberto Martinez sailburuak «hausnarketa prozesua» abiatu du, talde murritz batekin. Gaurko GARAn jasotzen denez, baina, osasungintzako hainbat eragilek errezelo eta kezka handiak dituzte. Adibidez, hamasei zerbitzuburuk sailburuari bidalitako gutunaren arabera, osasun mentalaren sarea desagerrarazteko ahaleginetan ari diren «susmo funtsatuak» dituzte. Beldur dira osasun mentalari lotutako eredu komunitarioa, aurrekontu espezifikoa eta langileen kondizioak murriztuko ote diren. Lakuak ukatu egin du halakorik, baina prozesua langileen parte hartzerik gabe egiteak ez du zalantzak argitzen laguntzen.
Osasun mentala auzi kolektiboa ere badenez, hori kolektiboki kudeatzeko sareak indartu eta eraginkor egitea da gakoa. Langileen ordezkariek, hain zuzen, horretan jarri dute fokua: baliabide publiko eta propio gehiago; zentro deszentralizatuagoak, herritarrengandik gertuago egoteko; haur eta nerabeak artatzeko sare espezifikoa; psikiatrikoen ereduaren eraldaketa, bizitza komunitariorako ateak irekitzeko... Osasun mentala ertz askoko arazoa izanik, soluzioek ere halakoak izan beharko dute. Eta jakina, horren diseinuan askotariko ahotsak hartu beharko dira aintzat, ez soilik ingurukoenak.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV
